Kosmos ilunaren mapa
2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Materia ilunaren hiru dimentsioko mapa bat osatu dute, Hubble teleskopioaren COSMOS ikerketaren barruan. Mapa horrekin, materia ilunaren nondik norakoak hobeto ezagutzea espero dute astronomoek.
Mapa hori eta eremu ikusgaikoa gainean jarrita, materia ilunaren eta ikusgaiaren arteko erlazioari begiratu diote. Eta ikusi dute, espero zuten bezala, materia ilunak sortzen dituen egituren gainean metatzen dela materia ikusgaia. Baina ez beti, eta horrek harritu egin ditu hainbat aditu.
Hala ere, bi mapak beti bat ez etortzea ez omen da kezkatzekoa. Astronomo batzuek uste dute neurketen errore baten ondorioa dela. Materia iluna irudikatzeko oso fin egin behar da lana, eta, oro har, maparen ertzetan zarata handiagoa da, eta errazagoa da errore sistematikoak egitea. Eta, hain zuzen ere, ertzetan gertatu da batez ere mapak bat ez etortzea.