Kosmetikoak arkeologoen eskuetan
2004/12/26 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Seguruenera gizakiak gizaki denetik margotzen du bere burua. Hasiera batean, naturan aurkitzen zituen gai koloredunak eta erabiliko zituen aurpegia eta gorputza edertzeko. Baina, pixkanaka, bereziki azala leuntzeko eta margotzeko nahasteak eta produktuak prestatzen hasi zen. Eta une hartan kosmetika jaio zen.
Zaila da esaten jauzia noiz gertatu zen, baina arkeologoek oso aspaldiko kosmetikoen arrastoak aurkitu izan dituzte. Joan den urteko udan, esate baterako, aurpegia zuritzeko krema bat aurkitu zuten Erromatar Inperioko herrixka bateko aztarnategi batean, Londres inguruan. Krema metalezko pote batean zegoen gordeta, hermetikoki itxita, eta horri esker iraun du lurperatuta egin dituen bi mila urteetan.
Arkeologoak txundituta geratu ziren ontzia ireki zutenean: krema hura erabili zuen azkenekoaren hatz-markek han zirauten artean! Noski, orduan ez zekiten pasta antzerako hura zertarako zen, eta, horregatik, konposizio bereko krema bat egitea pentsatu zuten, osagai freskoak erabilita, noski. Kremaren osagai nagusiak animalien gantza eta almidoia ziren, eta horrek susmarazi zien azala leuntzeko kosmetikoren bat izango zela. Baina, kantitate txikiagoan bazen ere, hirugarren osagai bat zegoen pasta hartan: eztainu oxidoa.
Erromatarrek eztainua -metala bera- kasiterita izeneko mineraletik ateratzen zuten. Kasiterita funtsean eztainu oxidoa da. Eta, antza denez, kasiteritari beste erabilera bat eman zioten, orain arte ezagutzen ez zena. Arkeologoek eztainu oxidoa gehitu zieten animalia-gantzari eta almidoiari, beraz, eta azalean probatu zuten. Eta orduan konturatu ziren zuritu egiten zuela azala. Orbanak ederki estaltzen zituen, are gehiago, orbainak ere tapatzen zituen: makillaje paregabea zen.
Makillaje hura ez zen edonorena izango; seguruenera, goi-klaseko norbaitena zen. Azken finean, luxuzko produktu bat zen. Baina, dirudienez, aberatsak ez zirenek ere gustuko zuten apaintzea, eta, produktu sofistikatuak garestiak izango zirenez, eskura zeukatena erabiltzen zuten azala argitzeko, irina, adibidez.
Egiptoko moda
Baina koloretea, makillajea, ezpainetako margoa, lurrinak eta kremak maite zituen herri bat izan bada historian, herri hori Egipto da. Eta egiptologoek ere aurkitu izan dituzte kremen eta bestelako kosmetikoen aztarnak, Londresen aurkitutako krema hura baino askoz ere lehenagokoak, K.a. 2000 urte ingurukoak eta. Eta lehenago ere erabiltzen zituzten kosmetikoak egiptoarrek, aztarnategietan aurkitutako irudietan eta testuetan ikusten denez.
marka-marka egindako egiptoarren begiak?
Aurkitutako aztarnen arabera, makillatzeko hauts zuria, berdea eta beltza erabiltzen zituzten. Kosmetiko haiek egiteko prozesu luze eta konplexuak zituzten; eta prozedura haietako batzuk ezagunak dira garai hartako idazkietan azaldu zituztelako. Gainera, jakina da ehundura desberdinetako kremak egiten zituztela, olio-kantitatearen arabera.
Dirudienez, mende askotan, langileen soldataren zati bat ukenduak eta olioa izan ziren. Kontuan izan behar da eguzkiak eta haizeak azala lehortuko ziela langileei, eta, horregatik, azala leuntzeko beharrezko gaitzat zuten olioa. Gai haiek soldatatik kendu zizkietenean izugarrizko iskanbila sortu omen zen.
Egiptoarrek asko zaintzen zuten itxura, eta aurpegiera edertzeko produktu ugari zituzten. Emakumeek, esate baterako, begiak margotu ohi zituzten. Kolore berdea eta beltza zituzten gustukoen. Margo berdea malakitan -kobre oxidozko mineral batean- oinarrituta lortzen zuten, eta beltzerako kedarra eta galena -berun sulfurozko minerala- erabiltzen zuten. Garai hartako horma-irudietan ikusten da begi-ingurua eta bekainak markatzen zituztela. Baina, gaur egun gertatzen den bezala, moda aldatuz joaten zen: garai zaharretan berdea zegoen modan, baina geroago beltza gehiago erabili zuten.
Azal argia nahiago
Historian izan diren inperio gehienetan erabiltzen ziren kosmetikoak apaintzeko. Persian, esate baterako, emakumeek zazpi produktu erabiltzen zituzten aurpegia makillatzeko, haien tradizioan zazpiak perfekzioa adierazten baitzuen. Gehienak hautsak ziren: hauts beltz batekin begiak markatzen zituzten, hennarekin ilea eta eskuak tindatzen zituzten, zuriarekin aurpegia argitzen zuten, eta gorriarekin masailak gorritu, bekainak iluntzeko hauts ilun bat zeukaten, eta horikara bat ilea argitzeko; eta azkeneko ukitua: orin bat margotzen zuten.
Japoniako eta Txinako antzinako makillajeak ere oso ezagunak dira, batez ere, Japonian geishek makillatzeko era tradizionalari eutsi ziotelako; azala arroz-hautsarekin eta beste zenbait produkturekin zuri-zuri margotzen zuten.
Kosmetikoen historian badirudi azala zuritzeko produktuak izan direla nagusi, baina gaur egun hain justu aurkakoa bilatzen da. Era guztietako makillajeak dauden arren, arrakasta gehien daukatenak azala iluntzen dutenak dira. Batek daki, agian, pixkanaka-pixkanaka azal zuria modan jarriko da berriz. Pasatako modak beti itzultzen omen dira.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia