}

Kortxo sintetikoek kalte egiten diete artelatzei

2003/02/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Artelatz-basoak milaka urtetan ustiatu izan dira kortxoa erauzteko. Munduko artelatz-baso handienak Espainian, Portugalen, Aljerian, Marokon, Italian, Frantzian eta Tunisian daude, eta kortxoaren industriak baso horiek egoera onean egoten laguntzen dute. Izan ere, kortxoa erauztean asko zaintzen dira zuhaitzak; adibidez, bederatzi urteko tartea uzten da zuhaitz bati azala kendu eta hurrengo aldira arte.

Azkenaldian, artelatzak garai batean baino okerrago daude, batez ere, nekazariak basoak utzita hiritara joaten ari direlako. Gainera, gero eta zabalduago daude nekazaritza eta abeltzaintza artelatz-basoetan; aldiz, gero eta gutxiago erauzten da kortxoa.

WWF/Adena talde-ekologistaren arabera, kortxo sintetikoak erabiltzea kaltegarria da artelatz-basoentzat. Baso horiek iraunarazteko, kortxo naturala duten botilak erostea proposatzen die kontsumitzaileei; hartara, kortxoaren industria bultzatuko da eta artelatz-basoen ustiatzea ez da bertan behera utziko.

Artelatz-basoak oso aberatsak dira. Desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezieren habitata dira, eguzki-arranoarena eta katamotz iberiarrarena, esaterako. WWF/Adenak salatu duenez, artelatz-basoak desagertzea heriotza-epaia izan daiteke espezie horientzat, eta beste espezie askorentzat ere kaltegarria izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia