
Inon uharteak bata bestearen ondoan pilatuta badaude, Kornati artxipelagoan daude, Kroaziako kostaldean. 150 uharte inguru, 320 kilometro koadroan. Itsaso Adriatikoan uharte gehien eta dentsitate handienean dituen uhartedia da. Dena den, inguruko biztanleen kondairen arabera, uharteak 150 baino askoz gehiago dira; hain justu, urteko egunak adina.
Uharte txikienak 4 metro karratu inguru ditu. Handienak, Kornat izenekoak, berriz, 32,5 kilometro karratu; berak eman dio izena artxipelagoari.
Toki lehorra da Kornati, klimatologiak bai, baina, batez ere, uhartediaren geologiak eraginda. Kretazeoan sortutako kareharria da nagusi, karst izugarria osatu duena; eta, ondorioz, prezipitazio guztia lurpera iragazten da. Ez dago iturri, erreka edo aintzirarik. Hala ere, Kornati 700-800 landare-espezie daudela jotzen da.
Zenbait uhartetan dauden itsas labar ikusgarriak Afrikako plaka tektonikoak Europakoaren aurka talka egin izanaren ondorio dira.
XX. mendearen hasieran, artzaintzak eta nekazaritzak nahikoa indar izan zuten. Gaur egun, ordea, uharte gehienetan ez da inor bizi, eta uhartediaren hiru laurden inguru babestuta daude, Kornati Parke Nazionalaren barruan.
Elhuyar Zientzia