Koralezko arrezifeak
2000/02/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Floridako koral-hesia Ipar Amerikan dagoen handiena da eta munduko hirugarrena. Handiena Australiakoa da eta bigarren handiena, berriz, Brasilgoa. Arrezife horiek guztiak kaltzio karbonatoa ekoizten duten organismoen komunitateez osaturik daude. Koralezko arrezifeak kaltzio karbonatoa erabiliz milaka urtetan zehar eraikitako itsaspeko hiriak dira.
Kaltzio karbonatoa itsas landare eta animalia askok ekoizten dute, zenbait alga espezie eta itsas ornogabe barne. Kaltzio karbonatoa eskeleto gisa erabiltzen dute, eskeletoa giza eskeletoaren antzerako barne-eskeletoa edo barraskiloen antzerako kanpo-eskeletoa izan daitekeelarik. Bi kasuetan, kaltzio karbonatozko eskeletoek uhinak jasaten dituzten egitura zurrunak eratzen dituzte: arrezifeak. Arrezifeen osagai nagusia koralak eta zenbait alga-espezie direnean, arrezifeei koralezko arrezife deitzen zaie.
Koralezko arrezife horietan anemona txikien koloniak bizi dira. Organismo horiek fotosintetikoak dira askotan eta, nahiz eta koralak haragijaleak diren –zooplanktonez elikatzen dira– bizitzeko behar duten oxigeno eta energia gehiena anemonen fotosintesiaren albo-produktu moduan jasotzen dute. Anemonek gainera, koralen kolonien kaltzio karbonatoaren produkzioa handitzen dute, arrezifeak hazten lagunduz. Koral- eta anemona-kolonien arteko erlazioa sinbiotikoa da, anemonak koralentzako onuragarriak dira, eta alderantziz. Koraletan bizi diren organismoen arteko erlazio sinbiotikoak oso ohikoak dira.
Koralezko arrezifeak lur-masa lehorren inguruko uretan egoten dira eta baldintza fisiko oso zehatzak behar dituzte garatu ahal izateko. Normalean, koral-hesiak gune tropikaletan hazten dira, Kaprikornio eta Kantzer tropikoen artean, ur tropikalak beroak, argiak, nutriente –nitrogeno eta fosforo– gutxikoak eta tenperatura zein gazitasun-maila egonkorrekoak baitira. Dena den, ozeanoetako itsas lasterrek gune bateko egoera fisikoa alda dezakete eta arrezifeen garapen-eskualdeak zabaldu edo murriztu. Floridan, esaterako, Golkoko itsas lasterraren ur beroen eraginez dagokiona baino iparralderago hazten da koral-hesia.
Arrezifeen zurruntasuna ekaitz tropikalen botere suntsitzailearen aurkako babes-hesi naturala da. Arrezifeak ehunka itsas izakiren bizileku dira: biodibertsitate handiko guneak dira, Lurrean dauden 23 animalia-filumetatik 22 bertan aurki ditzakegularik. Aldi berean, karbonoaren ekoizpen-maila handiko habitatak dira, 2.000 dekagramo karbono daude metro karratuko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia