}

Kontzientziaren mugaren bila

2010/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

"Entzuten ote du esaten dioguna? Sentitzen ote ditu gure laztanak?" Koman dagoen inoren senideek behin eta berriro egiten dizkiete beren buruei halako galderak. Orain, Cambridgeko Ezagutza eta Garun Zientzien Unitateko Owen neurozientzialariak eta haren taldeak frogatu dute posible dela jakitea pertsona bat kontziente dagoen ala ez, garuneko eskaner bidez. Are gehiago, komunikatzeko gai izan daitezkeela ere ikusi dute.

1980ko hamarkada bukaeratik, koma sakonean dauden pazienteak neurri batean kontziente daudenetatik bereizteko probak proposatu izan dituzte hainbat neurozientzialarik. Batez ere, estimuluei erantzuteko gaitasunean oinarritzen ziren.

2006an, Owenen lantaldeak beste pauso bat eman zuen. Auto-istripu baten ondorioz koman geratutako 26 urteko emakume bati garuneko jarduerari jarraipena egitea erabaki zuten, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza funtzionala erabilita. Hilabete batzuetan ikertu ondoren, emaitza harrigarri bat jaso zuten. Izan ere, bi egoera irudikatzeko eskatu zioten: batean tenisean jokatzen ari zela imajinatu behar zuen, eta, bestean, etxean zegoela, bere gelarako bidean. Eskaner bidez jasotako irudiak erabat desberdinak ziren batean eta bestean.

Ustez erabat inkontziente zegoen emakume bati Owenek eskaner bidez jasotako irudiak (2006). Garuneko jarduera desberdina zen emakumezkoari tenisean jokatzen (ezkerrean) edo etxe batean zebilela imajinatzeko eskatuta (eskuinean).
(Argazkia: Olwen et al./Science)

Lan hura Science zientzia-aldizkarian argitaratu zuten, eta kontziente izatearen definizioari buruzko eztabaida piztu zuen. Batzuen ustez, garunak nolabaiteko jarduera duela frogatzea ez da nahikoa; garbi ikusi beharko litzateke jarduera hori norberak sortutakoa dela, eta ez oharkabekoa.

Kasu hartan, baina, ikertzaileek ez zuten zalantzarik. Izan ere, irudikatzeko agindua behin bakarrik eman zioten, hitzez, eta jarduera horri zegokion neurona-sarea 30 bat segundoz egon zen aktibo. Aldiz, aktibazioa nahi gabekoa denean, segundo gutxi batzuk baino ez du irauten.

Owenek eta haren taldekideek lanean jarraitu dute, eta, orain, emaitzak eta ondorioak argitaratu dituzte New England Journal of Medicine medikuntza-aldizkari ospetsuan. Medikuntzan eta, oro har, zientzian espezializatutako komunikabideetan oihartzun handia izan du lanak, koman daudenak zenbateraino dauden kontziente ikusteko, garuneko eskanerra baliagarria dela erakutsi baitute.

Ikerketan, 54 pazienteren jarduera aztertu dute, erresonantzia magnetikoaren bidezko irudigintza funtzionalarekin. Eta ikusi dute egoera begetatiboan zeudela diagnostikatutako lau paziente gai zirela beren burua tenisean jokatzen edo etxean ibiltzen imajinatzeko.

Komunikatzeko gai

Haietako batek bost urte zeramatzan egoera begetatiboan zegoelako diagnostikoarekin. 22 urte zituen, eta hura ere auto-istripu baten ondorioz zegoen egoera hartan. Bada, ikertzaileek harekin ikerketa sakonago bat egitea erabaki zuten. Komunikatzeko gai ote zen ikusi nahi zuten.

Eskaner bidez ezinezkoa denez norbait bai edo ez pentsatzen ari ote den bereiztea, bai erantzun nahi zuenean tenisean jokatzen ari zela imajinatzeko eskatu zioten; kontrakoa adierazteko, berriz, etxean zebilela irudikatzeko. Gero, galdera errazak egin zizkioten, esate baterako, "Zure aitaren izena Alexander da?". Eta sei galderatatik bosti zuzen erantzun zien; seigarrena erantzunik gabe utzi zuen.

Beraz, koman daudenak kontziente dauden diagnostikatzeko ez ezik, komunikatzeko ere baliagarria izan daiteke erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza funtzionala. Komunikazio mugatua da, hala ere. Ikertzaileek aitortu dutenez, gutxieneko komunikazio hori lor daitekeen kasuetan ere ez dakite urrunago joan ote daitezkeen eta metodoak balioko ote duen senideak eta ospitaleko langileek askotan izaten duten kezka bat argitzeko. Alegia, egoera horretan dagoen pertsonak bizirik jarraitu nahi ote duen jakiteko.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia