}

Kontuz, lurrikara!

2003/08/06 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Zerua argitzen zuten argi ikaragarri eta distiratsuez beldurturik esnatu ziren 1976ko gau batean Tangshan hiriko txinatarrak. Hurrengo gauean, Richter eskalan 7.8 magnitudea izan zuen lurrikara batek 240.000 heriotza eta hiriaren txikizioa eragin zituen. Argi misteriotsu haiek guztiak eragina izan ote zuten fenomeno hartan?

Lekukoen esanean historian zehar izan dira horrelako kasuak, lurrikara gertatu aurretik zeruan argi arraro batzuk ikusi izan dira. Beraz, misteriotsua dirudien arren, zer pentsatua eman dezake horrek, litekeena baita lurrikarak aurresateko bide baten aurrean aurkitzea.

Horregatik, adituak argi horien jatorria azaltzen saiatu dira aspalditik. Eta azken urteotan, besteak beste, FEMA agentziak NASAri dirua eman dio satelite berezien bidez argi bitxi horiek ikertzeko. Errusiar eta txinatar zientzialariek burututako zenbait ikerketetan ere izpi infragorrien presentzia nabaritu da lurrikara gertatu aurretiko egunetan. Beraz, hasiera batean kointzidentzia hutsa izan zela pentsatzen zutenak, geroztik zer esan ugari eman du.

Orain, adituek azalpen bat proposatu dute. Lurrikara gertatu aurretiko presioa izugarri handia denez, normalean isolatzaileak diren arrokek p motako erdieroale-izaera hartzen dute; hau da, positiboki kargatutako hutsuneak sortzen dira arroketan. Hutsune positibo horiek karga elektrikoa garraiatzeko gai dira. Bestalde, arroka bolkanikoen kristaletan peroxido-taldeak aurkitzen dira. Horiek tentsio handien pean puskatzen dira. Apurketa horren ondorioz, negatiboki kargaturiko oxigeno-anioia arrokaren egitura kristalinoan harrapatuta geratzen da eta karga edo hutsune positiboa, aldiz, aske geratzen da.

Adituen esanean, bi mekanismoren bidez azal daitezke izpi infragorri eta argien fenomenoak: batetik, gainazalean metatutako hutsune positiboak elektroiekin konbina daitezke, peroxido-lotura bat eratuz eta ondoren lotura horrek energia askatuko du infragorri-eran. Bestetik, karga positiboak geruzaren gainazalean hedatu daitezke, elektrodo baten antzera jokatuz. Horrela, distantzia txiki batean pilatzen den eremu elektrikoa izugarria izango denez, airea ionizatu eta lurrikaren argi edo distira gisa ezagutzen direnak sortuko dira.

Lurrikara lurrazalaren higidura edo astinaldi bortitza da eta lurrazalaren barneko puntu batean gertatutako perturbazio baten ondorioz izandako uhinen hedapenak eragiten du. Gaur egun jakina bada ere, 1906an San Frantzisko txikituta geratu zen arte ez zen loturarik egiten failen eta lurrikaren artean. Orduan egiaztatu zen astinaldia ehunka metro zituen San Andres failan izandako 5 metroko irristaldiagatik gertatu zela. Gainera, hainbat irristaldi-mota desberdindu ziren. Kaliforniako San Andres faila irristaldi horizontalekoa da, hau da, bloke bat beste baten aurka irristatzen da erliebea sortu gabe. Zonalde horretan lurrikarak izateko arrisku handia dago, eta gaur egun, The Big One izenaz ezagutzen denaren zain daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia