}

Kontserbazionismoaren arazoak: errinozerontearen kasua

1992/05/01 Larrañaga, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela urte gutxi arte ugari izan ziren arren, gaur egun 11.000 errinozeronte besterik ez dago mundu osoan. Jendeak —biologoek batipat— beherakada hau antilope, azienda eta beste zenbait animaliaren lehia jasan ezinagatik gertatu dela uste du. Dena dela, hori ez da benetako arrazoia. Errinozeronteak beren ingurunera oso ondo moldatuta dauden animaliak dira eta, beste ugaztun handiak bezala, beren habitata murriztearekin batera desagertzen diren animaliak izan arren, ehiza da beherakada nabari horren arrazoi nagusia.
I.X.I.

Ehizaren presioa errinozeronte-espezie guztiek jasan duten arren, errinozeronte beltzaren kasua da, ezpairik gabe, ekintza honen eragin bortitzaren adibide nabariena. Erakunde kontserbazionistek egin dituzten kalkuluen arabera, espezie honek azken hogei urteotan izan duen beherakada % 95 edo 98 ingurukoa dela uste da, egungo populazioa 3.500 indibiduokoa baino ez delarik. Keniak adibidez, 1960.eko hamarkadan 20.000 errinozeronte beltz bazituen, 1970.ekoaren bukaeran kopurua ez zen 300 indibiduotara iristen. Are gehiago, egin diren estimazioen arabera 1970 eta 1987 bitartean guztira 40.000 errinozeronte ehizatu zirela uste da, nazioarteko merkatuan saldu ziren 100 tona adar lortu zirelarik.

Bestalde, ehizak duen eragina beti kezkagarria bada ere, zenbait kasutan egoera guztiz larria bilakatu dela esan daiteke. Javako espezieko 60 errinozeronteak, sumatrako 700ak eta iparraldeko zuriaren 42ak desagertzeko arriskuan daude, eta isilpeko ehiza galerazten ez bada, XXI. menderako suntsipena egia bilaka daiteke.

Errinozeronte-adarren merkatua

Ehizaren zergatiak aztertzean, ezinbestekoa da errinozeronte-adarren merkatu beltzak duen garrantzia aipatzea. Adar hauek merkatuan dituzten prezioek gora egin dute 1970.eko hamarkadaz geroztik, adar afrikarraren kiloagatik milioi bat pezeta eta, Asiako kilo adarragatik 5 milioi pezetako prezioa ordaindu delarik. Ehiztari afrikarrek dirutza hauen zati txiki bat baino jasotzen ez duten arren, adar bakar batekin lortzen duten etekina urte osoko soldataren baliokidea da. Beraz, ez da harritzekoa atxilotuak izateko arriskuari aurre egitea (batez ere zigorra isuna edo kartzela-zigor labur bat deneko kasuetan) eta are gutxiago, behar den dirutza dela eta, babestutako eremu askotako zaintzaile-kopurua behar baino txikiagoa bada.

Dena dela, gobernuek errinozeronteak serioski babestea erabaki dutenean (Kenia, Zinbabue edo Nepalgo gobernuek kasu) eta horretarako behar diren baliabide eta zaintzaile guztiak jarri dituztenean, isilpeko ehiza nabarmen murriztu dela ikusi da.

Errinozeronte beltzaren ohizko habitata sastrakadi dentsoa den arren, zuhaitzik gabeko belardietan edo beste habitat batzuetan ere ikus daiteke.
A. Elosegi

Hasiera batean, adar hauetako gehienak Txinako merkatura zihoazela eta bertan afrodisiako modura erabiltzen zirela uste bazen ere, gaur egun, World Wildlife Fund (W. W.F.) elkarte kontserbazionistako Esmond Bradley Martin geografo iparramerikarrak egindako ikerketen ondorioz, badakigu horretarako Indian soilik erabiltzen dela (bertan adar-kopuruaren % 1 baino kontsumitzen ez delarik) eta ez dela Txina, Jemengo errepublika arabiarra baizik, errinozeronte-adarren kontsumitzaile nagusia, 1980.eko hamarkadan urteko 1.500 kg inportatu zituelarik.

Bertako gizonek, gizatasunaren eta gizarte-mailaren sinbolo den daga bat eraman ohi dute gerrikoan, errinozeronte-adarrez eginiko girtena dutenak preziatuenak direlarik. 1970.eko hamarkadan, petrolioaren boom-aren ondorioz jemendarren bizi-maila igo zenean, gauza bera gertatu zitzaion errinozeronte-adarrez eginiko dagen eskariari, 1971. urtetik 1977.erarte 22 tona adar (mundu-merkatuko % 40) kontsumitu zirelarik.

Nolanahi ere, azken urteotan girtenak egiteko beste material batzuk erabiltzen hastearen, Jemengo ekonomiak behera egitearen eta, batez ere, izan duen mendebaldetzearen ondorioz, produktu honen eskaria nabarmen jaitsi da.

Nolanahi ere, Txinako merkatua garrantzitsua da oraindik ere. Bertako medikuntza tradizionalean, errinozerontearen produktuak gutxienez azken 2.000 urteotan erabili dira (adarrak batez ere, sukarra eta gripea sendatzeko). Gaur egun, farmazilariak adar hauek bufaloaren edo saiga antilopeen adarrez ordezkatzeko prest agertu diren arren, produktu honen eskaria ez da jaitsi, eta txinatarrek urteko 650 kg inportatzen segitzen dute.

Erreserbak eta babesa

Erriozeronte zuria. Lehorreko animaliarik handiena da elefantearen ondoren.
M. Barrenetxea

Oro har, tradizionalki errinozeronte-adarren kontsumitzaile izan den zenbait estatuk (Japonia, Hong Kong, Macau, Malaysia, Dubai, Burundi eta Hegoafrikar Errepublikak kasu) Arriskuan Dauden Espezieen Nazioarteko Trafikoari buruzko Konbenioa (C.I.T.E.S. delakoa) sinatu du, azken urteotan, ondorioz, adarrak erabiltzea debekatu eta baztertu egin dutelarik. Baina, badaude txinatarrekin batera C.I.T.E.S. delakoa alde batera utzi eta produktu hau kontsumitzen segitzen dutenak, hala nola Korea, Taiwan eta Tailandia.

Edonola ere, erreserba egokiak sortu direnean eta ehiztarien aurkako babes egokia eskaini zaienean, errinozeronte-populazioen ugalmena handia dela ikusi ahal izan da. Adibideak asko dira. Aipatu berri dugun errinozeronte beltzaren kasuan, 11 erreserba espezial ezarri eta gero suntsitzea ekidin ezezik populazioa emendatzen hastea lortu da, egungo errinozeronte-kopurua 400 indibiduokoa izatera iritsi delarik.

Nepalen kasua bereziki aipatzekoa da. Berau munduko herrialde txiroenetariko bat bada ere, bertako gobernuak 1962. urtean errinozeronteak babesteko ardura bere gain hartu zuen, horretarako armada bidali zuelarik. Ondorioz, 60 edo 80 indibiduo ingurukoa zen populazioa gaur egungo 400eraino ugaltzea lortu dute.

Baina, hegoaldeko errinozeronte zuriaren kasua da ezpairik gabe ikusgarriena. XIX. mendearen bukaeran subespezie hau desagertutzat jo bazen ere, 1920. urteaz geroztik ezarritako babes-politika dela medio, egungo errinozeronte arruntena da 4.800 indibiduo ingururekin. Oro har, Indiako errinozerontearen, Keniako beltzaren eta Zaireko zuriaren populazioek gorantz egin dute azken urteotan, bitartean Hegoafrikako populazioak egonkor mantendu direlarik.

Errinozeronte-polulazioa eta arazo genetikoa

Tarangire-ko parke nazionaleko sabana Tantzanian. Bertan bizi da errinozeronte beltza.
A. Elosegi

Tamalez, oraindik badaude ezkor izateko arrazoiak. Jeneralean espezie gehienen kasuan, populazioak segurutzat kontsidera daitekeena baino txikiagoak dira. Alde batetik, populazio txikitan katastrofe naturalen eta gaixotasunen eragina larriagoa da, eta bestetik, populazioen tamaina asko murrizten denean botila-lepo efektua deritzon fenomeno genetikoa gertatzen delako. Azken honen ondorioz, bai zenbait karaktere ugaldu gabe hiltzen diren indibiduotan baino ez daudelako, bai indibiduo bakoitzak ondorengo bat duen bakoitzean bere geneen erdia soilik transmititzen duelako, populazio horiek beren aldakortasun genetikoa galdu egiten dute.

Beraz, populazioak oso txikiak badira, beren aldakortasun genetikoaren zati garrantzitsu bat galtzeko arriskua jasaten dute, eta espezieen potentzial ebolutiboa (hau da, egoera aldakorretan berauetara moldatuz, hots eboluzionatuz, erantzuteko ahalmena) beren aldakortasun genetikoaren araberakoa dela kontutan hartuz gero, begibistakoa da arazo hau benetan larria dela. Gainera, problema larriago bilakatzen da populazioa ugaltzen eta ondorioz beren geneak transmititzen dituzten indibiduoen kopurua kopuru totala baino askoz ere txikiagoa dela kontutan hartuta.

Londresko Zoologi Elkarteko Georgina Mace eta Chicagoko Unibertsitateko Russel Lande biologoek, errinozeronteak genetikaren ikuspuntutik seguru kontsidera daitekeen egoeran mantentzeko —100 urte barru beren aldakortasun genetikoaren % 90 gordetzeko— behar den populazio efektiboa (hots, ugaltzen dena) 500 indibiduokoa dela kalkulatu dute. Bost indibiduoko efektiboa den bakar bat dagoela kontutan hartuz gero, populazio totalak 2.500 indibiduokoa izan beharko luke, eta gainera, katastrofe naturalen eta izurriteen eragina minimizatzeko, populazio hauek gutxienez 120 indibiduoko zenbait azpipopulaziotan banatuta egon beharko lukete.

Gaur egun, estatus hori duen espezie bakarra errinozeronte zuria da; bere hegoaldeko subespeziea hain zuzen ere. Beste ezpezie guztiek kopuru txikiagoak dituzte, eta gainera, oso gutxitan agertzen dira 120 indibiduo edo gehiagoko populazioak, hauek gehienetan 50 indibiduoz beherakoak eta, askotan, indibiduo gutxi batzuetakoak direlarik. Oso kezkagarriak dira Sumatrako errinozerontearen eta, batez ere, Javakoaren kasuak, azken hau gainera (bi nukleotan banatuta dauden 60 indibiduorekin) egoera kritikoan dagoelarik.

A. Elosegi

Hortaz, gaur egungo bost espezieak eta berauen arraza eta subespezie guztiak (errinozeronte zuriaren bi subespezieak, beltzaren hiru arrazak eta Sumatrakoaren beste biak) mantentzeko 22.500 indibiduoko populazioa beharko litzateke, eta, hainbat biologok esan duen legez, ia segurtasun osoa izateko kopuru honen bikoitza mantentzea hobea bada, egungo populazioa laukoiztu egin beharko litzateke, horretarako, beste mota bateko problemei aurre egin beharko litzaiekeelarik.

Errinozeronte-populazioa eta habitata

Errinozerontearen kontserbazioak azalerazten dituen arazoen artean larriena habitatarena litzateke. Aipatu den legez, hain tamaina handiko animaliak izanik, kontserbazio-egoera onean dagoen azalera handiko ingurunea behar dute, beren behar guztiak, eta batez ere elikagaiak eskuratzea, bete ahal izateko.

Orain arte, populazio garrantzitsuak habitat egokia eskaintzen zieten erreserba edo parketan zeuden, eta espazio babestu horien azalera mugatua zen arren, populazioen tamaina txikia zenez ez da inolako problemarik sortu. Baina espazio hauek onar dezaketen populazioa mugatua da, eta gehienek mantendu dutena beren optimotik behera badago ere, ezingo lukete lehen aipatutako mailako emendioa jasan, momentu hori iristen denerako bi soluzio posible daudelarik.

Bata, teorikoki onargarriena baina praktikan burutzen zailena, sobera dauden indibiduoak erreserba berrietara eramatea da. Aurkako arrazoiak, errinozeronteek inolako kalterik pairatu gabe garraiatzea zaila izatea, gizakiak aldatu gabeko espazio egokiak aurkitzea zaila izatea eta hauek mantentzeko behar diren inbertsioak handiak izatea dira. Bestea, errazagoa baina ikuspuntu kontserbazionista zorrotz baten arabera onartezina gerta litekeena, populazioaren tamaina egokia ehiza kontrolatuaren bidez mantentzean datza, honela, bide batez, adarren salmentarekin eta ehiztariei baimena ematearen truke lortuko litzatekeen diruarekin kontserbazio-gastuak ordainduko liratekeelarik.

Amboreli-ko parke naturala Kenian. Bertako errinozeronte-populazioa oso txikia da 1970.eko hamarkadan jasandako jazarpena dela eta.
A. Elosegi

Eztabaida hasia da jadanik. W. W. F. elkartearen ikuspuntu ortodoxoaren defendatzaile nagusi den Keniako gobernuaren aburuz, errinozerontearen iraupena segurtatzeko modu bakarra ehiza eta errinozerontetik eratorritako produktuen salmenta debekatzea litzateke, erreserba berriak sortu eta daudenak mantentzeko behar den diruaren iturri nagusia errinozeronteak eta beste hainbat animaliak erakarritako turismoa litzatekeelarik. Hegoafrikarrak, zinbabuetarrak batez ere, ez daude tesi honekin ados. Hauen ustez, turismoarekin soilik ezin zaio kontserbazioak behar duen esfortzu ekonomikoari aurre egin. Ehiza kontrolatua eta errinozeronte-adarren merkataritza, kontserbaziorako behar diren baliabideak lortzeko ezezik bertako jendearen bizi-maila hobetzeko eta ondorioz animalia hauek kontserbatzearen onuraz oharterazteko baliagarri lirateke.

Oraingoz erdiko bidea ez da posible (Hegoafrikako errinozeronteen ehiza eta merkataritza baimenduta dauden bitartean, Kenia eta beste zenbait herrialdetan debekatua egotea alegia); adarren salmenta legezkoa litzatekeen bitartean eta produktu honen eskaria legokeen bitartean isilpeko ehiztariek ehizean jarraitzeko arrazoiak edukiko bait lituzkete.

Bitartean, denbora aurrera doa, eta zenbait kasutan, egoera ezin da luzaro mantendu. Beraz, lehenbailehen neurri eraginkorrak hartzen ez badira, segurutzat jotzen da bost espezie hauetako bat edo beste suntsitu egingo dela.

ERRINOZERONTEEN
EGOERA GAUR EGUN

  • Errinozoronte zuria
    Iparraldeko subespeziea
    28 indibiduo Zairen
    12 Txekoslovakian
    2 EEBB-n
    42 guztira
    Hegoaldeko subespeziea
    Hegoafrikan 4.800 inguru
  • Errinozeronte beltza
    170 zootan
    3.500 Afrikan
    Kenian 400
    Zinbabuen 2.000
    Namibia eta Hegoafrikan
    ere badaude (1.100 inguru?)
  • Indiako errinozerontea
    2.000 baino gutxiago
    Nepalen 400
    Indian 1.500
  • Sumatrako errinozerontea
    700 inguru
  • Javako errinozerontea
    60 inguru
    12-15 Vietnamen
    50 inguru Javan


Erregistro fosilean 170 espezie sailkatu diren arren, egun 5 espezie besterik ez daude, guztiek ugaztun perisodaktiloen (zaldi eta tapirraren) ordenaren baitan dagoen Rhinocerotidae familia osatzen dutelarik.

Errinozeronte beltza ( Diceros bicornis )

Afrikan bizi da, populazio garrantzitsuenak Kenia, Namibia, Hegoafrika eta Zinbabuen daudelarik. Oihan tropikalez estalita dauden mendietatik hasi eta sastrakaz estalitako ingurune lehorretarainoko habitat guztietan bizi da. Bere gorputzak 3 m-ko luzera eta 1,6 m-ko altuera maximoa izaten ditu, pisua 2 tona baino gutxiagokoa delarik. Kimakaria da eta hosto eta adaskak jateko erabiltzen duen apendize digitiforme oratzaile bat dauka goiko ezpainean. Biziraupena 40 urtekoa da eta ernaldia 15 hilabetekoa.

Errinozeronte zuria ( Ceratotherium simun )

Bi subespezietan banatuta dago, biak Afrikan bizi direlarik. Sabana lehorretan bizi da eta larrean ibiltzen da. Arrak 4 m-rainoko gorputz-luzera eta 1,9 m-ko altuera maximoa lor ditzake, pisua 2,3 tonakoa izan daitekeelarik. Emea zertxobait txikiagoa da eta 1,7 tonako pisua baino ez du izaten. Biziraupena 45 urtekoa da eta ernaldia 16 hilabetekoa.

Errinozeronte indiarra ( Rhinoceros unicornis )

India eta Nepaleko eskualde lauetan bizi da. Arrak 3,8 m-ko luzera eta 1,90 m-ko altuera maximoa lortzen ditu, pisua 2,2 tonakoa delarik. Emea txikiagoa da eta 1,6 tonako pisua baino ez du izaten. Adar bakar bat dauka, eta azalak, korazatu-itxura ematen dioten tolestura nabariak ditu. Larrean ibiltzen da eta gutxi garatutako apendize digitiformea dauka. Biziraupena 45 urtekoa da eta ernaldia 16 hilabetekoa.

Javako errinozerontea ( Rhinoceros sondaicus )

Java eta Vietnamen bizi da, lautadako oihan tropikaletan. Kimakaria da eta 1,4 tonako pisu maximoa izatera heltzen da. Adar bakarra dauka.

Sumatrako errinozerontea ( Dicerorhinus sumatrensis )

Asiako hego-ekialdeko oihan tropikal menditsuetan bizi da eta kimakaria da. Gorputzaren luzera maximoa 3,15 m-koa da eta altuera 1,38 m-koa, pisua 800 kg-koa delarik. Azala ile-pixka batez estalia du. Biziraupena 32 urtekoa da eta ernaldia 7-8 hilabetekoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia