Kontakturik gabeko potentziometroak
1999/03/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Irratiko, musika-aparatuko edo telebistako bolumena handiagotzeko edo txikiagotzeko tresna, irabiagailuaren edo haizagailuaren abiadura aldatzeko tresna, eta, oro har, magnitude baten intentsitatea aldatzeko gailuak dira potentziometroak. Makina bat erabilera dute eta urtean munduan 4.000 milioi inguru fabrikatzen dira. Funtsean zirkuitu bat elikatzen duen tentsio elektrikoa modu jarraituan aldatuz lan egiten dute. Potentziometro gehienek erresistentzia bat eta haren gainean irristatzen den kurtsore bat dute eta marruskaduraz higatu eta hondatu egiten dira.
Duela gutxi Espainiako Instituto de Ciencias de los Materiales-en kontaktu elektrikorik ez duen potentziometro bat aurkeztu dute. Tentsio elektrikoaren aldaketa magnetikoki modulatzen da eta horretarako manganesozko material magnetorresistenteak erabiltzen dira. Material horiek beren erresistentzia ohmikoa aldatzen dute eremu magnetiko txiki baten barnean daudenean.
Ikertzaileek prototipo bat aurkeztu dute eta orain garapen industriala hasi da. Helburua potentziometro magnetikoak industrialki fabrikatzea da, ohiko potentziometro ohmikoak baino askoz merkeagoak izango direlako. Proiektuan aipatu Instituto de Ciencias de los Materiales-eko ikertzaileekin batera, Navarra de Componentes Electrónicos (Nacesa) enpresak, Gipuzkoako CEIT zentro teknologikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartzen dute parte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia