Konrad Lorenz hil da
1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Familiako tradizioari jarraituz (bere aita zirujaua bait zen) medikuntza ikasi zuen, baina inoiz ez zuen zoologia alde batera utzi eta 1933.ean zoologiazko doktoradutza lortu zuen. 1935.ean bere lanik ezagunena egin zuen ahatekume jaioberrien jokamoldea aztertzerakoan. Ahatekume jaioberriak beren aldamenetik pasatzen zen lehenengo objektu higikorrari jarraitzen zitzaizkiola eta amatzat hartzen zutela ohartu zen Lorenz. Gaur egun oso erabilia den inpregnazio kontzeptua, orduantxe jaio zen.
1937.ean anatomia konparatua eta animalien psikologiazko katedra lortu zuen Viennako unibertsitatean. 1940.ean Königsberg-eko unibertsitatera joan zen. 1942.ean mobilizatua izan zen eta Alemaniako armadan lan egin zuen mediku moduan. 1944.ean gerra-preso hartu zuten eta 1948.urtera arte ezin izan zuen Viennara itzuli.
Konrad Lorenz etologia modernoaren sortzailea da. Etologia, animalien eta gizakien jokamoldea konparaziozko metodo zoologikoen bidez aztertzen duen biologiaren adarra da.
Azken urteetan interes berezia izan zuen agresioaren mekanismo eta erroen azterketan, hiri handitan dagoen bortxakeri maila altuaren arrazoia ulertzeko modua aurkitu asmoz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia