}

Konposatu inorganikoaren itxura organikoa

2004/05/05 Elhuyar Zientzia

Gai inorganikoz osatuta egon arren, konposatu kimiko batek egitura organikoen hainbat ezaugarri har ditzakeela ikusi dute.

Konposatu kimikoen nahasketa batek zelula-egitura har dezakeela ikusi dute zientzialari batzuek. Gai inorganikoz osatuta egon arren, egitura organikoen hainbat ezaugarri hartzen ditu.

Oreka bila, normalean egitura egonkor bat hartzen dute horrelako nahasketa kimikoek berehala. Kasu honetan, ordea, ez da hala izan, eta ustez konposatu organikoekin baino gertatzen ez dena gertatu da.

Esperimentuan kaltzio kloruroa, sodio karbonatoa, kobre kloruroa, sodio ioduroa, hidrogeno peroxidoa eta zelulosa nahastu zituzten. Onddo-itxurako mintz bat eratu zen, eta gai kimikoak mintz horretan barreiatu ziren eta sortutako barrunbean erreakzionatu. Gainera, kasu batzuetan, egitura horiek lobulu moduko formak garatu zituzten, eta zelulen banaketak ere ikusi zituzten.

Oreka lortu beharrean, prozesua mantendu egin zen gai kimikoen eta energiaren fluxuarengatik. Ikertzaileek uste dute hori nola gertatzen den ulertzeak ideia berriak ekar ditzakeela bizitzaren jatorriari buruz, Lurrekoa zein beste planeta batzuetakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia