Komunikazio pertsonaletarako satelite berriak
1998/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1965. urtean komunikaziorako lehen satelitea orbitan jarri zenetik, mundu guztiko komunikazioen zati handi bat sateliteen bidez egiten da. Hasierako transmisioak oso mugatuak baziren ere, teknikak aurrera egin du eta informazioa bidaltzeko askoz gaitasun handiagoa lortu da. Honela, gaur egun telefono-deien herena eta telebistako ia transmisio denak satelite bidez egiten dira. Baina transmisio horiek ez dira oso azkarrak, orain arte erabili izan diren sateliteak 36.000 km-ko orbita geoegonkorretan daudelako.
Orain, ordea, askoz orbita txikiagotan satelite-flota bat jartzeko asmoa dute telekomunikazio-konpainia handiek, datu-transmisioak azkarrago eta mundu guztira zuzentzeko asmoz. Satelite hauek telekomunikazio pertsonaletara zuzendurik egongo dira, hala nola, telefonia eta Interneta. Horrela, Munduko edozein bi puntutan dauden bi pertsonen artean komunikazioa lortu ahal izango da telefono mugikorrak soilik erabiliz. Satelite berri hauek oso orbita baxuetan kokaturik egongo dira, 2.000 eta 10.000 km artean, eta bakoitzak lurrazalaren eremu bat soilik beteko du. Denen artean mosaiko itxurako bat eginez mundu guztia satelite bidez komunikatzea da helburua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia