}

Koman dauden pazienteen garun-funtzioak neurtzeko bide berria

2013/12/16 Leturia Yurrita, Iñaki - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

koman-dauden-pazienteen-garun-funtzioak-neurtzeko-

Kontzientzia-asaldurak dituzten pazienteen garun-funtzioetan gertatzen diren anomaliak neurtzeko modu berri bat aurkitu du BioGurutzetako Neuroirudi Konputazionalaren taldeak eta Dante Chialvok, Ikerbasqueko ikertzaileak. Traumatismo kraneoentzefaliko baten ondorioz, koman, egoera begetatiboan, edo kontzientzia minimoko egoera batean dagoen gaixoaren burmuinak zein kalte izan duen kuantifikatzeko bi garun-markatzaile aurkitu dituzte erresonantzia magnetiko funtzionala erabilita: batetik, korrelazio partziala edo bi garun-hemisferioen arteko konektibitatea, eta, bestetik, hemisferio bakoitzaren barneko jarduera adierazten duen transferentzia entropikoa.

Beste ikerketa batzuetan ikusi da koma egoeran dauden pazienteetan garunaren asalduraren bat egon litekeela, eta, hori abiapuntutzat hartuta, konektibitate funtzionaleko sareen analisia egin du ikerketa-taldeak. Emaitzak erakutsi du alde nabarmena dagoela banako osasuntsuen eta kontzientzia-asaldura duten pazienteen markatzaileen artean. Frontiers in Neuroinfromatics aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, egileen esanean, aurkikuntzak gaixo horien diagnostiko zehatzagoa egiten lagunduko du, pronostikoa hobetuko du, eta, bide batez, komatik irteten denean pazientea nola egongo den aurreikusteko informazio zabalagoa izatea ahalbidetuko du.

Gainera, neuroirudi-teknikak eta aurkitu berri dituzten markatzaileak erabiliz, pazienteak komatik esnatu diren unean bertan neurtu ahal izan dute garunaren konektibitate funtzionala. Momentu horretan, ikertzaileek ikusi dutenez,  garunean transferitzen den informazioa areagotu egiten da.  Banako osasuntsu batek 344 biteko informazioa transferitzen duen bitartean, komatik esnatzen den pazientea 444 bitera iristen da. Alde hori, adituen ustez, konpentsazio iragankorreko fenomeno gisa har daiteke, baina ikerketa gehiago beharko da hipotesi hori baieztatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia