}

Koklea, maiztasun txikiko soinuen anplifikadore

2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Koklea, maiztasun txikiko soinuen anplifikadore
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Mikrofono bat izango balitz bezala, barne-belarriak seinale elektriko bihurtzen ditu soinuak, neuronek seinale hori garuneraino garraia dezaten. Kokleak, kiribil-itxura duen organo batek, bihurtzen du soinua seinale elektriko. Zientzialariek jakin nahi izan dute zergatik duen kokleak itxura hori, eta aurkitu dute itxura kiribilak maiztasun txikiko soinuak anplifikatzen dituela, giza belarriak entzuten dituenak, hain zuzen.

Soinua tinpanoa bibraraziz iristen da barne-belarrira, eta bibrazio horiek mintz basilarrak jasotzen ditu, koklearen barrualdea bitan banatzen duen mintz batek. Mintz hori koklearen mutur batetik bestera dago zabalduta, eta kiribila da, koklea bera bezalaxe. Horregatik, zientzialariek jakin nahi zuten zergatik den hobea bibrazioak transmititzeko mintz bat kiribila izatea.

Kontuan hartu zuten transmisioa mintzetik likido batera egiten duela, eta, beraz, bi elementu horien arteko elkarrekintzaren fisika aztertu zuten. Kiribila izanik, bibrazioak mintza gehiago okertzen du kanpoaldera barrualdera baino, eta sistema horrek hobeto anplifikatzen ditu maiztasun txikiko soinuak handikoak baino. Gizakiaren kasuan, 20 dezibel handitzen da seinalea maiztasun horietan.

Zientzialariak aztertzen ari dira hori bera gertatzen den beste ugaztun batzuetan, ugaztun askok entzuten baitituzte maiztasun horiek. Azken batean, soinuak zenbat eta maiztasun txikiagoa izan, orduan eta urrutirago iristen da.

1
221
2006
6
004
Anatomia/Fisiologia
Berriak labur
3