Klonazioa gaur
2001/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Gutxitan aipatu dira, ordea, hurrengo urteetan Dollyren eta beste animalia klonatuen esperimentuetatik ateratako ondorioak. Baina azpimarratzekoa da klonazioa oraindik ez dela inolaz ere sinplea. Alde batetik, prozesua ez da erraza eta arrakasta-maila oso txikia da. Esate baterako, Dolly jaio ahal izateko, gutxienez 400 ardirekin egin zen saioa.
Bestetik, arazoak animalia klonatutakoan ere azaltzen dira. Horietako batek zahartzeko prozesuarekin zerikusia du. Zelulek denboraz jabetzeko sistemak dituzte. Hori oso garratzitsua da, ez baitute berdin jokatzen umetan, helduaroan edo zahartzaroan. Genetikoki zahartzeko programatuta gaudela esan daiteke. Dolly klonatzeko, ardi heldu baten zelula batetik abiatu zen, eta, beraz, jaiotzeko mementoan bere zelulek ez zuten arkume batenak bezala jokatzen, ardi heldu batenak bezala baizik.
Gaur Nature Genetics aldizkari espezializatuan argitaratu den artikulu batean antzeko beste arazo baten berri ematen. Aita eta ama ditugun animalia guztiok 23 kromosoma jasotzen ditugu bakoitzarengandik, hau da, aitak bere informazio genetikoaren kopia bat ematen digu eta amak beste bat. Gure ezaugarri guztiak bi iturrietatik jasotako informazioaz osatzen dira, eta emaitza bien konbinazioa da. Hori egiteko, zelulek kromosometan marka kimikoak jartzen dituzte eta, horrela, guraso bakoitzaren iturritik zein zati erabiliko den zehazten da.
Dollyren kasuan, ordea, bi guraso izan ordez bakarra zuen. Baina zelulek ez zekiten hori eta biologiak ‘agintzen’ duen bezala markak jartzen hasi ziren. Beraz, zenbait informazio ez zen behar bezala erabili eta arazoak sortu zituen.
Animalia klonatuetan horren ondorioak nabarmenak dira askotan. Azaltzen diren arazorik ohikoenak obesitatea, bihotzeko gaixotasunak eta biriketako malformazioak dira. Klonazioak ez ezik zelulen akats genetiko batzuek ere ondorio horiek sortzen dituzte. Artikuluak, beraz, bide berria ireki du laborategian jorratzeko. Arazoa aurkitu da eta orain konponbidearen txanda dator.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia