}

Klonazioa dela eta ez dela

2002/04/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela hiru urte, aldizkari honexetan giza klonazioaren aldeko iritzi artikulu bat idatzi nuen ( Elhuyar Zientzia eta Teknika , 139), ez bereziki alde nengoelako, aurkakoen argudioak funtsik gabeak iruditzen zitzaizkidalako baizik. Geroztik denborak aurrera egin badu ere, eztabaidak bere horretan dirau. Oraindik ere ez dut inolako asmorik nire burua klonatzeko, baina klonazioaren aurkarien izuikarei susmo txarrak hartzen dizkiet.

Hala ere, klonazioaren aurka dagoen jendearen emana ikusita, hauen arrazoiak (etikoak, praktikoak, teknikoak edo dena delakoak) zein diren jakiten saiatzen naiz, ez baitut nire buruan eta iritzietan halako federik. CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziozko artikuluen lehiaketan lehen saria, hain zuzen, giza klonazioari buruzko lan batentzat izan da, baina orain idazlea ez da irratiko edozein tertuliano izan, EHUko Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrako irakasle Leire Escajedo baizik. Horregatik, eta klonazioak etikarekin izan ditzakeen loturez zerbait ikasi nahian, arretaz irakurri dut Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren azken alean argitaratutako artikulua.

Autoreak lantzen dituen puntuen artean bat, bere ustez gezurrra ezkutatzen duena, klonazio terapeutikoari ematen zaion izena da. Izan ere, klonazio terapeutikoa eta ugalketarako klonazioa teknika berbera dira, eta ez gauza desberdinak. Garai batean idatzi nuenez, nire ustez teknika da gutxienekoa, eta, horren ordez, helburuak eztabaidatu beharko genituzke. Klonazioa, txertaketa, tatuajea edo beste edozein teknika ez zaizkit berez txarrak iruditzen, helburuak jotzen ahal ditut txartzat edo ontzat. Baina hemen, noski, iritzien esparruan gaude, eta nireak ez du irakurlearenak edo beste edonorenak baino gehiago balio.

Aipatutako artikuluan klonazioaren aurkako zenbait arrazoi legal eta tekniko ematen dira, baina beste edozein teknika berriren aurrean ( in vitro ernalketa, adibidez), arazo tekniko eta legal ugari izan daitezkeen arren, ez da inor teknika hauen aurka aurrez aurre azaltzen (gaur). Hortaz, zerk egiten du klonazioa hain eztabaidagarri? Leire Escajedo klonazioaren aurka (edo gutxienez, alde ez) egotearen benetako arrazoia ez dirudi artikuluan barrena garatutako argudioetan dagoenik, baizik eta azken esaldian, pasadan, ematen zaigun iritzian. Bertan esaten da, hitzez hitz, klonazioa «naturaren prozesuak bortxatzen dituen teknika» dela.

Horrek txundituta utzi nau, eta naturaren prozesuak bortxatzen dituzten eta ez dituzten tekniken arteko muga zehazten saiatu naiz. Zenbat eta gehiago saiatu, ordea, gero eta lausoago ikusten dut dena. Lurpean milioika urtez egon den petrolioa 3.000 metroko sakoneratik atera, hura erre, eta planeta oso bateko klima aldatzea natura bortxatzea da? Biziak inoiz ezagutu duen iraungipen-aldi bortitzena bultzatzea? Eta naturan existitzen ez den elementu berri bat sintetizatzea? Fusio hotza lortuko balitz, hori naturaren prozesuak bortxatzea ote litzateke?

Bai, agian urrunegi noa, sofisma hutsetan erori naiz. Gizakiaz eta terapeutikaz ari ginen. Baina hemen ere galderak temati datozkit burura. Hildako baten organoa bizi bati txertatzea natura bortxatzea ote da? Eta animalia baten organoa txertatzea? Edo organo artifizial bat (robot bat, azken batez) txertatzea? Eta zer esan in vitro ernalketaz? Edo bihotza geldirik duena (hortaz, garai batean hiltzat joko genukeena) makina bati lotuta «bizirik» mantentzeaz? Eta giltzurruneko gaixotasuna duena dialisiari esker bizirik mantentzeaz? Ez al da naturaren legerik behinena gaixo larriak hiltzea? Zergatik bortxatzen du natura zelula bati nukleoa kendu eta beste bati txertatzeak, baina ez pertsona bati hezur-muin zati bat kendu eta beste bati txertatzeak? Edo bakterio bati gene batzuk kendu eta landare bati sartzeak?

Bistan denez, ez dut inondik inora argi zerk bortxatzen dituen naturaren prozesuak eta zerk ez. Baina uste dut funtsean argudio hori erabiltzen dutela klonazioaren aurka daudenek, agerian ez bada ezkutuan, eta hortik abiatuta eraikitzen dutela beren arrazonamendu osoa. Oinarrizko premisa, ordea, nik behintzat ez dut ikusten. Inork definituko al dit zer den naturaren prozesuak bortxatzea? Inork azalduko ote dit, erlijio kontuak alde batera utzita, zergatik bortxatzen duten natura klonazioan lan egiten duten nire lankideek? Eta erlijioa alde batera utzita esan dut, erlijiotik abiatuta edozein judutar baita gai argi azaltzeko zergatik den bekatu urdaiazpikoa jatea, edozein musulman zergatik ez daitekeen ardorik edan, edozein hindu zergatik ez daitekeen behikirik jan, edozein etiopiar zergatik egin behar zaien ablazioa neskatoei, eta edozein katoliko zergatik den bekatu kondoia erabiltzea. Ni bekatari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia