}

Klitoria mitoaren gainetik

2020/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

klitoria-mitoaren-gainetik
Arg. Thelma Amaro Vidales/Shutterstock.com

Ezaguna da ariketa: eskatu jendeari giza genital maskulinoak eta femeninoak marraztu ditzan, eta ikusi emaitza. Berdin da eskolako zein unibertsitateko ikasleekin egin, sexu bateko zein besteko helduekin, emaitza beti da berbera: marrazkilariaren dohain artistikoak alde batera utzita, zakilak askoz ere errealistagoak izaten dira aluak baino.

Ez da harritzekoa, zientziak ere askoz ere gehiago eta hobeto ikertu baititu sexu-organo maskulinoak femeninoak baino. Horren erakusgarri da 2014ko azterketa bat, sexu-organoen eboluzioari buruzko ikerketen gainekoa. Haren arabera, aurreko 25 urteetan, 364 ikerketa argitaratu ziren sexu-organoen eboluzioaz; haietatik ia erdietan (% 49) arren organoak baino ez zituzten aztertu; % 44an, arrenak eta emeenak; eta soilik % 8an ziren ikergai emeenak.

Azterketak berretsi zuen genitalen eboluzioa ikertu zuten zientzialariek behin eta berriro baztertu zituztela emeak. Bazterketa hori, gainera, ez zen iraganeko kontua, joera nabarmenagoa baitzen 2000. urtetik aurrera, eta ez zuen zerikusirik ikertzaileen generoarekin: egileak emakumeak zirenean ere, arreta handiagoa jasotzen zuten arren organoen eboluzioak, emeenak baino.

Horren zergatia argitzeko, zenbait hipotesi aztertu zituzten egileek. Adibidez, zakilak errazagoak direla ikertzeko baginak baino, kanpoan daudelako. Alabaina, arrazoi hori funsgabea iruditu zitzaien, gaur egungo teknikekin ez baitago eragozpenik gorputz barruko ehun bigunen egitura aztertzeko.

Erakargarriagoak, agian

Ukaezina da, dena den, arren genitalak erakargarriak direla eboluzioaren ikuspegitik. Izan ere, era guztietako zakilak ezagutzen dira: arantzadunak, adarkatuak, kakodunak, espiral-itxurakoak... Eta emeen genitalak, ez ote dira ikertzeko modukoak?

Bada, egileek frogatu dutenez, baginek zakilen pare eboluzionatu dute; beraz, haiek bezain nabarmenak eta apartak dira, eta, beharbada, baita interesgarriagoak ere, ezezagunagoak diren heinean.

Zapatari (Gerris gracilicornis) eme baten bagina. Itxi eta irekitzen den ate bat du, eta hartaz baliatzen da zapatari emea nahi gabeko koitoak eragozteko. ARG.: Han, C. S. & Jablonski, P. G. PLoS ONE 4, e5793 (2009).

Adibidez, intsektu batzuen baginen morfologia egokituta dago ar baten baino gehiagoren esperma gordetzeko, bereizitako biltegietan. Hala, obuluaren ernalketa kontrola dezakete. Zapatari emeak (Gerris gracilicornis), berriz, bagina itxi eta irekitzen duen ate bat du, eta hartaz baliatzen da nahi gabeko koitoak eragozteko.

Hortaz, ikuspegia aldatzeko deia egin zuten azterketaren egileek, eta oharra ere egin zuten: “Sexu bakarra aztertzen duten ikerketek arrisku handia dute ekuazio oso konplexu baten alderdi bakar bat ikertzeko, eta joera handiagoa, gaizki ulertzeko sexuen artean gerta daitekeen dinamika koebolutibo konplexua”.

Ezjakintasunaren zergatia

Genitalen eboluzioari buruzko azterketa hark galdera bat du izenburutzat: “Genitalen eboluzioa: zergatik emeak gutxiago ikertzen dira, oraindik?”. “Oraindik” horrek salatzen du iraganean emeak arrak baino gutxiago ikertu direla. Hala baita: zientziaren historiak argi erakusten du emakumea oro har, eta, bereziki, sexu-organoak, ikuspuntu androzentrikotik eta falozentrikotik landu direla. Gaur egun ere, ikuspegi hori gailentzen da; emakumeak, haien gorputzak, genitalak eta sexualitateak ezezagunak izaten jarraitzen dute.

Nancy Tuana filosofo feministak horren atzean dauden arrazoiak ikertu ditu. “Ezjakintasunaren espekulua: emakumeen osasunaren mugimendua eta ezjakintasunaren epistemiologiak” saiakeran (2006), ezagutzan dagoen hutsune gisa definitzen du ezjakintasuna, “oraindik ezagutzen ez duguna” da ezjakintasuna. Baina ez ezagutzea ez da beti hain sinplea. Aitzitik, ez ezagutzea zertan oinarritzen den aztertzea proposatzen du; are gehiago, zergatik, batzuetan, ezjakintasuna nahita bilatzen den arakatzea. Horretarako, boterean jartzen du fokua, ezjakintasunak eta ezagutzak harekiko duten elkarrekintzan: hori ulertuz gero, hobeto ulertuko dira ezjakintasunaren adierazpenak.

Tuanak zenbait ezjakintasun-mota bereizten ditu. Haietako bat hau da: jakitea ezezaguna dela, baina axolarik ez izatea. Hori azaltzeko, arrazoi bat baino gehiago egon daitezke, hala nola segurtasun-arrazoiak, edo ezagutza horretatik irabazi ekonomikorik lortzeko aukerarik ez izatea.

Gizonezkoen pilula antisorgailua jartzen du horren adibidetzat. Laborategiek baztertu egiten dute gizonezkoen pilularen garapenean ikertzea, zabalduta baitago hormona antisorgailuek libidoa galtzea ekar dezaketela. Beraz, pilula horrek arrakasta komertzial eskasa izango lukeela aurreikusten dute. Nahiago dute emakumeentzako piluletan inbertitu, segurutzat jotzen baitute emakumeak ez direla hainbeste arduratuko libidoa apaltzeagatik.

Ezjakintasun-mota horretan sailkatzen ditu baita emakumeen eiakulazioaren eta menopausiaren ezezagutza ere, edo lesbianen eta adinekoen sexualitatearena.

Emakumeen plazera kaltegarritzat jotzen den gizarteetan, klitoria erauzi egiten da. Horixe egin zioten Fatima Ibrahim etiopiarrari. Orain ohitura horren aurkako kontzientziazio-lanean dihardu, eta lortu du bere alaba horretatik libratzea. ARG.: UNICEF Ethiopia/2017/Mersha.

Bestelakoa da, ordea, klitoria ezezaguna izateko arrazoia. Taunak dioenez, klitoria ez da ezaguna, ez dakitelako ezezaguna denik ere. Medikuntzako ilustrazio historikoetan, botoi-moduko zirriborro baten gisan azaltzen da, baita zakila eta barrabilak xehetasun guztiekin, kanpotik zein barrutik, marrazten ziren garaietakoetan ere.

Taunaren ustez, axolagabekeria horren muinean lehentasuna ugalketan jartzea dago: klitoria ugalketarako ez dutenez beharrezkotzat jotzen, baztergarria da. Horregatik azaltzen da hain lauso eta kamuts klitoria, baina xehe eta osorik ugalketarekin zuzenean erlazionatutako zatiak, baita barrukoak ere, hala nola bagina, umetokia, obiduktuak eta obulutegiak.

Hain da nabarmena klitoriaren funtzioa plazerean, ezen horretarako baino ez duela balio uste izan baita. Mito bihurtu da.

Ernalketaren mitoa

Mitoak, ezezaguna azaltzeko modu bat izateaz gain, ezezagutza hori sendotzeko eta iraunarazteko tresna ere badira. Horren adibide garbia ernalketa da. Izan ere, XX. mendera arte, zientzia-gizonek ernalketaz ezagutzen zutena gehiago oinarritzen zen uste eta sinesmenetan, ebidentzietan baino. Hala, epikaz jantzi izan dute ernalketa-prozesua eta, maiz, konkistatzaile-konkistatuaren ipuina errepikatzen dute: espermatozoide-saldoa obulu pasiboaren bila, bakarrak lortzen du sartzea eta hori guztia.

Robert D. Martin biologoak agerian jarri ditu mito horren hutsuneak. Espermatozoide matxoaren mitoa deitzen dio, eta, ikuspegi zientifikotik, guztiz okerra dela ohartarazten du. Esaterako, espermatozoideen ugaritasuna ez da halabeharrez seinale ona, alderantziz: haietako asko eta asko akastunak direlako behar dira hainbeste. Eta ez dute igerian egiten obuluaren bila: umetokiaren eta obiduktuen mugimenduek bultzatzen dituzte obulurantz.

Mitoak dakartzan albo-kalteak ere azaldu dituzte Martinek eta beste zenbait ikertzailek. Nabarmenetako bat: gizonen ugalketa-arazoak tabu bihurtzen dira. Horrenbestez, ebidentzietan oinarritutako ezagutza denentzat da mesedegarria, baita gizonentzat ere.

Ernalketa-prozesua epikaz jantzi izan da maiz: espermatozoide-saldoa obulu pasiboaren bila eta abar. Azken ikerketek erakutsi dute, ordea, guztiz okerra dela ikuspegi hori. Irudia: Niphon Subsri/Shutterstock.com.

Klitoria, izozmendi baten pare

Klitoriaren mitoak, berriz, plazererako baino ez duela balio dio. Emakumeen plazera baztergarritzat eta, are, kaltegarritzat jotzen den gizarteetan, beraz, klitoria ahaztu eta erauzi ere egin da. Eta ez arau erlijiosoengatik bakarrik, baita medikuntzaren izenean ere.

Esate baterako, nahiko ohikoa izan da jaioberri intersexualei klitoria erauztea. Genital femenino eta maskulinoekin jaiotzen direnez, medikuek ezin dituzte neska ala mutil izendatu, eta batzuek klitoridektomia bat eginez konpontzen dute auzia, hau da, zakiltzat jo daitekeen egitura moztuta, klitori baten neurria izan dezan.

Klitoridektomia egiteko beste arrazoi batzuk ere egon daitezke (minbizia, kasurako), baina, pertsona intersexei egindako ebakuntzaren helburuak ez du zerikusirik osasunarekin, baizik eta sexuaren eta generoaren gaineko arau sozialekin, eta jaioberria sexu eta genero bitarrera egokitzea baino ez du bilatzen. Hala, Vigoko Unibertsitateko Berdintasun Unitatearen klitoriari buruzko argitalpenaren arabera, klitoridektomiak eta haren moduko praktika medikoek arau sozialak berresten eta berritzen dituzte, ablazioak bezala.

Horrek guztiak erakusten du oraindik ere baztergarritzat jotzen dela klitoria, eta zenbait medikurentzat ezezaguna izaten jarraitzen duela, beste batzuk lan handia egiten ari diren arren, hura ezagutzeko eta ezagutarazteko.

Nabarmentzekoa da, adibidez, Hellen O’Conell urologoaren lana. Hark argitaratu zuen, lehen aldiz, klitoriaren anatomia osoa. Journal of Urology aldizkarian atera zuen artikulua, 1998an. Orduan ikusi zuten gehienek klitoritzat hartzen zutena izozmendiaren tontorra baino ez zela. Ahalik eta deskribapen zehatz eta osoena egiteko, erresonantzia magnetiko bidezko iruditeria eta hildakoen disekzioak baliatu zituen, eta 2010ean kitzikatutako klitori baten irudia aurkeztu zuen, hiru dimentsiotan. Gaur egun, emakumeen genitalen anatomia ikertzen jarraitzen du, anatomiako historia-liburuek diotena ontzat eman gabe.

Mitoaren eraispena

Eta antzekoa egin du Roy J. Levin ikertzaileak, klitoriaren funtzioarekin. Haren funtzio bakarra plazera sorraraztea dela segurutzat jo beharrean, arlo horretan azken urteetan egindako ikerketak aztertu ditu. Haietan eta berak egindako ikerketetan oinarrituta, klitoriak ugalketan parte hartzen duela ondorioztatu du.

Emakumeen sexua ugalketarekin lotuta ikertu izan da. Klitoriak plazererako baino ez duela balio uste izateak ekarri du ugalketan duen funtzioa ezezaguna izatea. ARG.: George Rudy/Shutterstock.com.

2019aren amaieran argitaratu zuen bere lana, Clinical Anatomy aldizkarian. Albert Szent-Györgyi Medikuntzako Nobel saridunaren aipu batekin hasten da artikulua: “Gainerako guztiek ikusi dutena ikusteko, eta beste inork pentsatu ez duena pentsatzeko”.

Levinek dioenez, ikerketa ugarik azaltzen dute klitoriak duen protagonismoa kitzikapenean; aitzitik, ez dute aipatu ere egiten ugalketan duen funtzioa. Hau da, mitora mugatzen dira. Baina, azterketen arabera, plazera ematean parte hartzen duten egitura berberak dira ugalketan ere laguntzen dutenak.

Koitoa deskribatzean, ikerketa gehienek azaltzen dute bagina estimulatzen dela, eta, agian, baita umetoki-lepoa ere. Klitoria ez, ordea. Eta ezpain txikiak eta guruin bestibular nagusiak ez dira inon azaltzen; ikusezinak dira. Levinek ahaztutako egitura horien guztien garrantzia nabarmentzen du artikuluan, eta klitoriaren kitzikapenak garunean eragiten duela baieztatzen du.

Garunean duen eragina berdina da, gainera, klitoria bera bakarrik estimulatuta izan, zein koitoaren bidez. Eta eragin oso zabala du, gainera: orgasmoaren aurretik, funtzio askorekin lotutako eremuak aktibatzen ditu, hala nola berotzea, ordainsaria, oroimena, adimena, norberarekiko pertzepzioa eta portaera soziala, besteak beste.

Aldi berean, traktu genitalean aldaketak gertatzen dira, ugalketa errazteko: baginako odol-zirkulazioa areagotu egiten da, oxigeno-maila eta tenperatura igo, eta lubrifikazioa hobetu. Umetoki-lepoan ere izaten dira aldaketak; haien bitartez, espermatozoideek aukera handiagoa dute obulura iritsi eta hura ernaltzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, Levinek ohartarazi du klitoria erauzteak ugalketan ere badituela ondorioak. Bost klitoridektomia-mota bereizten ditu: psikologikoa, sinbolikoa, freudiarra, errituala eta medikoa. Levinen ustez, ez haiek egiten dituztenak, ez aurka daudenak ez dira ohartzen klitoriaren bidezko estimulazioa ezeztatzeak ernaltzea eragozten duela.

Amaieran, Levinek berresten du klitoriaren bi funtzioak direla funtsezkoak, atsegin ematea eta ugalketan laguntzea. Beraz, mitoaren gainetik dago klitoria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia