}

Klimak eragin apala izan zuen eremu kantauriarrean, azken neandertalen eta lehen sapiensen garaian

2018/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

klimak-eragin-apala-izan-zuen-eremu-kantauriarrean
Ana Belén Marín Arroyo ikertzailea, historiaurreko animalia-hezurren aztarnak aztertzen. Arg. IIIPC

Neandertalen galera azaltzeko faktoreen artean, askotan aipatzen da klima. Izan ere, Erdi eta Goi Paleolitoan, Homo sapiens espeziea Europan hedatzearekin batera, klima gogortu egin zen, eta, beraz, eztabaidagai da zenbateraino eragin zuen klimak bi giza taldeen bilakaeran.

Orain, metodologia berri bat erabilita, klima lokalaren ezaugarriak aztertu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait kobazulotan (Axlor eta Bolinkoba, Bizkaian; eta Lexetxiki, Labeko Koba, Ekain, Amalda eta Aitzbitarte III, Gipuzkoan). Zehazki, duela 50.000-25.000 urte neandertalek eta sapiensek jandako zaldien eta oreinen hezurren kolagenoan dauden karbono-, nitrogeno- eta sufre-isotopoak neurtu dituzte.

Hortik ondorioztatu dute neandertalak galdu ondoren klima hotza eta lehorra izan zela, landa irekiak basoak ordezkatu zitutela eta animaliak ehizatzeko eremua oso zabala zela. Hala ere, klimaren aldaketa beste toki batzuetan baino apalagoa izan zen, seguru asko, orografiaren ondorioz. Ikertzaileen esanean, ikerketa gehiago beharko dira jakiteko nola eragin zion horrek guztiak neandertalen biziraupenari.

Euskal Herriko, Kantabriako eta nazioarteko ikertzaileek parte hartu dute ikerketan, IIIPC institutuaren gidaritzapean, eta Nature Scientific Reports aldizkarian argitaratu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia