Klima-ekintzarako inflexio-puntu positiboak identifikatzeko metodo bat proposatu dute

2025/08/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

klima-ekintzarako-inflexio-puntu-positiboak-identi
Arg. Teknopolis

Nazioarteko ikertzaile-talde batek klima-aldaketari aurre egiteko inflexio-puntu positiboak identifikatzeko metodologia bat sortu du. Sustainability Science aldizkarian argitaratu dute lana, irekian, eta haren xedea Parisko Hitzarmenean adostutako helburua lotzeko trantsizioa azkartzea da.

Hala, metodoak aintzat hartzen ditu iraganean antzeko sistemetan iraultza ekarri dutela frogatu duten inflexio-puntuak. Alegia, ebidentzietan oinarritzen da. Horrez gain, trantsizioa propultsatuko duten produktu edo teknologiak ere bilatzen ditu. Horren adibidea da auto elektrikoa: egileen esanean, jendeak auto elektrikoak erosi ahala, orduan eta errezagoa da errendimendua, prezioa eta azpiegiturak hobetzea, eta horrek berak trantsizioa azkartzea dakar. 

Badaude aldaketa ekartzea espero ez duten teknologiak edo sektoreak. Esaterako, ez dute inflexiorik espero, ez energia nuklearrean, ez hormigoiaren ekoizpenean.

Beste eraldaketa batzuk, ordea, diruditena baino gertagarriagoak izan daitezkeela iragarri dute. Horien artean dago haragia jateari uztea. Zehazki, esan dute, laguntza-politikekin, haragirik gabeko aukerak gero eta merkeagoak eta hobeak izan daitezkeela. Horrek eragina izango luke jendearen portaeran, eta, azkenean, klimaren eta osasunaren onurarako inflexio-puntu bat bilaka liteke. 

Horrenbestez, inflexio-puntu positiboak aurkitzeko esparru komun bat ezarri du ikertzaile-taldeak, eta dei egin diete ikertzaileei, puntu horiek identifikatzen laguntzeko eta aurrera eramatea errazteko.