}

Kimikako Nobelak etorkizunari so

2000/11/01 Fernandez, Toribio Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hainbat urtetako zurrumurruak egiaztatu egin dira aurten eta polimero eroaleen gurasoek Kimikako Nobel saria jaso dute. Shirakawa irakasleak MacDiarmid-en laborategira bisita egin zuen batean eta, Heeger-ekin elkarlanean, japoniarrak sintetizatutako poliazetilenoa iodoaren presentzian ipini zuen. Polimeroa oxidatu egiten zela ikusi zuten eta eroankortasuna 10 ordena handitzen zela, metalarena parekatuz. 1979an argitaratutako lan horiek polimero eroaleen hastapenak izan ziren. Hurrengo urteetan monomero eta gatza duen disoluzioan zehar korronte elektrikoa pasaraziz polimero eroaleak sintetizatzea lortu zen, besteak beste, IBMko Arturo Diaz ikertzaileari esker. Are gehiago, oxidazio-prozesua elektrokimikaren bidez kontrola zitekeela eta itzulgarria zela ikusi zen.

Polimero eroaleek mikroelektronikan beharrezko diren ezaugarri guztiak betetzen dituzte eta, gainera, malguak dira, disolbagarriak eta prozesu merkeen bidez prozesa daitezke. Horrez gain, biobateragarriak dira, biosentsore edo eragingailu gisa lan egiten dute eta erradiazio elektromagnetiko eta ionikoarekin elkarrekintza sortzen dute. Material biologikoetatik oso hurbil dauden material adimendunak izaki, elektronika molekularra garatzeko bidea ireki dute. Laburbilduz, polimero eroaleek iraultza ekarriko dute XXI. mendeko mikroelektronikan: saritutako hiru lagunen lanek gizartea goitik behera alda dezaketen aukera zientifiko eta teknologikoz beteriko etorkizuna posible egin dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia