}

Kimikako Nobel saria proteinak analizatzeko teknikak garatu dituztenentzat

2002/10/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Medikuntzakoa eta Fisikakoa bezalaxe, Kimikako Nobel saria hiru ikertzailerentzat izango da. Suediako Zientzien Akademiak John B. Fenn, Koichi Tanaka eta Kurt Wüthrich saritu ditu, molekula biologiko handiak analizatzeko teknikak garatzeagatik. John B. Fenn eta Koichi Tanakak masa bidezko espektrometria molekula handi horietan erabiltzeko modua garatu zuten, eta Kurt Wüthrichek, berriz, hiru dimentsioko egitura erresonantzia magnetiko nuklearraren bidez argitzeko teknika.
Ezker-eskuin: John B. Fenn estatubatuarra, Koichi Tanaka japoniarra eta Kurt Wüthrich suitzarra.

Molekula biologiko handi horiek gehienetan proteinak izaten dira eta jakina da proteinek funtsezko eginkizunak betetzen dituztela gure gorputzean. Beraz, horien konposizioa eta egitura aztertzeko teknikak biziki interesgarriak dira.

Fennek, Koichik eta Wüthrichek garatutako metodoei esker, gaur egungo ikertzaileak gai dira lagin batean dauden proteinak azkar identifikatzeko, baita proteina horien hiru dimentsioko egitura zein den jakiteko ere. Informazio horrekin, askoz ere errazagoa da proteinek zeluletan nola lan egiten duten ulertzea.

Masa-espektrometria

Masa-espektrometriak lagin batean dauden molekulak masaren arabera banatu eta identifikatzen ditu. Horretarako, analizatu nahi den lagineko molekulak gas-egoerara pasatu, ioi bihurtu eta eremu elektriko eta magnetiko batzuetan zehar pasarazten dira. Oso metodo on eta azkarra da eta oinarrizko bihurtu da munduko kimika-laborategietan. Molekula bakoitzetik oso kantitate txikiak neurtzeko gai denez, asko erabiltzen da antidopin kontroletan, jakien kalitate-kontroletan edo aire-analisietan.

Teknikaren oinarriak XX. mendearen hasieran garatu ziren, Joseph J. Thompson-en eskutik, baina 1970eko hamarkadara arte ez zen molekula handiekin erabilgarria izan zedin lortu. Ordura arte, ez zegoen proteinak gas-egoera pasatu, ioi bihurtu eta masaren arabera banatzeko modurik.

70eko hamarkadan aurrerapauso batzuk eman ziren, baina iraultza handia Fenn eta Tanakaren eskutik iritsi zen 1980ko hamarkadaren amaieran. Bakoitzak bere aldetik, proteinak ionizatzeko metodo bana aurkeztu zuten eta Tanakak, gainera, bere metodoa proteinak masa-espektrometria bidez banatzeko baliagarria zela frogatu zuen. Gaur egungo masa-espektrometroek bi metodoak erabiltzen dituzte proteinen analisiak egiteko.

Erresonantzia magnetiko nuklearra

EMN

2002ko hirugarren sariduna Kurt Wüthrich izan da. Wüthrichek proteinen hiru dimentsioko egiturak erresonantzia magnetiko nuklearraren bidez ezagutzeko teknika garatu zuen 1980ko hamarkadan: metodo sistematiko bat asmatu zuen EMNaren seinaleak proteinaren hidrogeno-atomoei esleitzeko. Horrela aztertutako lehen proteinaren egitura 1985ean aurkeztu zen eta, geroztik, milaka proteinen egitura ezagutzeko balio izan du.

15 urte besterik ez da igaro, Fennek, Tanakak eta Wüthrichek esperimetuen emaitzak aurkeztu zituztenetik, baina abenduan Kimikako Nobel saria jasoko dute, ikerketa haiek izan duten garrantziaren erakusle.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia