Kilo bat orbitan
2019/11/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Apollo programa adibide on bat da. Estatubatuarrak izan dira pertsonak ilargiratzea lortu duten bakarrak. Baina hori ez da izan astronautikan onenak direlako. Toki guztietan dago jende ona. Hori izan da haiek bakarrik jarri zutelako behar zen diru guztia. Apollo programa osoan, haren garapenean eta 17 misioetan, 25.000 milioi dolar gastatu zituzten.
Oso, oso garestia da espazioa. Baina zenbat? Astronautikako adituek neurri bat erabiltzen dute horri erantzuteko. Neurria da zenbat balio duen kilogramo bat Lurraren inguruko orbitan jartzeak. Eta gaur egun, kilo bat orbitan jartzeak 10.000 dolar balio du, gutxi gorabehera.
Kontua da, denborarekin ez dela hori aldatu. Duela 30 urte ere, 10.000 dolar balio zuen kilogramo bat orbitan jartzeak. Denborak eta teknologiak ez dute prezioa txikitu. Eta aditu batzuen arabera, horrek mugatu egin du espazioan berrikuntzak probatzeko ahalmena.
Nolanahi ere, helburu bat bihurtu da: kilogramo bat orbitan merke jartzeko proiektuak badaude. Herrialde batzuetako agentziak eta konpainia pribatu batzuk ari dira proiektuak garatzen helburu horrekin.
Zientifikoki, hegazkin espazialen ideia dabil ingeniarien buruetan; alegia, espazioratzen den ontziak lurreratu ahal izatea berriro espaziora irteteko moduan. Osorik edo zati bat behintzat. NASAren transbordadorearen ideia da, baina bere kabuz espazioratzen direnak. Eta haiek baino merkeagoak.
Nik dakidala, badira hiru proiektu martxan. Lehendabizikoa, Estatu Batuetako DARPA agentziaren XS1 ontzia. Ustez 10 egunetan 10 hegaldi egin ahal izango duen espazio-ontzi bat da. Bigarrena Elon Musk aberatsaren Space X konpainiarena da. Starhopper espazio-ontzia garatzen ari dira. Esaten dutenez, jendea Martera eraman nahi dute Starhopperren eta baita ordu erdiko hegaldiak New Yorketik Shangaira. Baina hori guztia publizitatea da oraingoz behintzat. Eta hirugarrena Blue Origin enpresa pribatuaren New Glenn ontzi zabal eta handia da. Zati bat berreskuratuko dute hegaldi bakoitzean, eta beste zati bat galdu egingo da.
Hori bai, hiru proiektu horiek oraindik hasierako urratsetan daude. Starhopperrek segundo batzuetako proba egin zuen apirilean, Texaseko hegoaldean. Aireratu zen, metro gutxi batzuk igo, eta lurrera itzuli zen berriro. Bideoa YouTuben dago, arraroa egiten da duen formarengatik. Baina tira, proba bat besterik ez da izan. Hiru espazio-ontziek proba asko egin behar dituzte oraindik; XS1 datorren urtean hasiko da proba horiek egiten eta New Glenn 2022an, diotenez.
Zenbat kostako da orduan kilo bat orbitan jartzea arrakasta baldin badute? Ba nik datu bakarra daukat, XS1 ontziarena. Kalkulu baikorrenek diote kilo bat orbitan jartzea 2.200 dolar inguru kostatuko zaiela. Ikusiko dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia