Kerik gabeko suak

Bolboraren ordez aire konprimitua erabiltzen hasi dira su artifizialak zerura bidaltzeko eta leherrarazteko. Horri esker, ez da kerik sortzen.
Su artifizialen ikuskizunak lausotuta gelditzen dira askotan kearen erruz. Izan ere, gau lainotua eta haizerik gabekoa egokitzen bada, keak ez du alde egiten, eta ikusleek nekez antzematen diete haren beste aldean dauden kolore eta irudiei.

AEBetako Kaliforniako Disneyland-en, ordea, ez dute horrelako arazorik izan uda honetan. Eta ez suak ikusteko eguraldi hobezina izan dutelako gauero, ez. Kontua da bolboraren ordez aire konprimitua erabiltzen hasi direla su artifizialak zerura bidaltzeko eta leherrarazteko.

Horri esker, kerik ez sortzeaz gain, suak urrutirago bidal daitezke arriskurik gabe. Hori bai, arruntak baino askoz ere garestiagoak dira. Metxa pizteko surik ez dagoenez, eztanda sortzeko gailu elektriko bat darama su artifizial bakoitzak.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Fisika