}

Kerik gabeko suak

2004/09/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurtengo udan Kaliforniako Disneylanden izan bazara eta su artifizialak ikusi badituzu, nabarituko zenuen zenbaterainoko aldea duten hemengoekin. Hemen ohikoa da suak garbi ez ikustea kearen erruz. Izan ere, keak alde egiteko, hodeirik gabeko zerua eta haize pittin bat egotea komeni da, eta hori ez da sarritan gertatzen Euskal Herrian. Aldiz, Disneylandeko su artifizialak ikusteko inolako trabarik ez dute izan bisitariek, nahiz eta eguraldia ez izan beti primerakoa. Orduan, nola lortu dute kea desagerraraztea?
Su artifizialak egitea artea da, baina baita teknika ere.

Kerik gabeko suak lortzeko gakoa hau da: ez dute bolbora erabili. Horren ordez, aire konprimituaz baliatu dira su artifizialak zerurantz bidaltzeko, eta, beraz, ez dute kearekin inolako arazorik izan.

Su artifizial arruntek bi zati izaten dituzte. Bolbora beheko zatian jartzen da, eta hor dago metxa ere. Beste zatian, su artifiziala lehertzean ikuskizuna sortzen duten osagaiak daude. Bata bestearen atzetik leherketa bat baino gehiago izaten dituzten su artifizialek, berriz, zati gehiago izaten dituzte. Azkenik, su artifizialen norabidea zuzentzeko makilatxo bat ere izaten dute guztiek.

Metxari su eman orduko, bolbora erretzen hasten da, eta errekuntza horretan gas ugari sortzen da. Gasa horretarako prestatutako zulotxo batzuetatik ateratzen da, eta, hain zuzen, horrek bultzatzen du suziria zerurantz. Hala, ziztu bizian igotzen da lehertu behar duen altuerara iritsi arte.

Energia askatuz

Haurrek zein helduek metxa pizten denetik jarraitzen diote suziriaren arrastoari, eta lehertzen denean, hori da festa! Su artifiziala egitean, batzuetan, soinuari ematen zaio garrantzia, besteetan koloreari, argitasunari edo irudiari, baina helburua beti bera da: ikusleek gozatzea zeruari begira.

Itxura eta kolore berezienak lortzeko gai dira.

Gaur egun, su artifizialen kolorea eta argitasuna lortzeko, ekoizleak igortze atomikoan oinarritzen dira. Zertan datza, baina, fenomeno hori? Bada, guztiaren ardura elektroiek dute. Kontua da elektroiek atomoaren nukleoaren inguruan biratzen dutela. Baina ez dute edozein toki aukeratzen jira-biraka ibiltzeko, bakoitzak duen energiaren araberako mailan baizik.

Suziria lehertzean, energia askatzen da bero gisa, eta energia hori xurgatu egiten dute elektroiek. Indar horretaz baliatuta, elektroiek hurrengo energia-mailara egiten dute salto. Maila berria, ordea, ez da egonkorra izaten, eta elektroiek atzeko energia-mailara itzuli behar izaten dute. Hori egitean, energia askatzen dute, argi gisa.

Ostadarraren kolore guztiak

Argitasunaz gain, kolorea da su artifizialen ezaugarri nagusietako bat. Eta kolorea argia da. Argiaren uhin-luzeraren araberakoa izaten da ikusten den kolorea. Dena den, gizon-emakumeen begiek ez dituzte uhin-luzera guztiak bereizten; gutxi gorabehera 400-800 nm bitartekoak bakarrik ikusten dituzte. Luzera bakoitzari kolore bat dagokio, eta ubela da gizakiak ikus dezakeen uhin-luzera txikieneko kolorea. Hain zuzen ere, ubelaren uhin-luzera 380-400 nm-koa da. Beste muturrean gorria dago, 780 nm-ko uhin-luzerarekin.

Nahi diren koloreak lortzeko, ezinbestekoa da osagaiak ondo aukeratzea. Esate baterako, laranja-kolorea lortzeko, kaltzio nitratoa erabiltzen da. Konposatu horrek 600-620 nm-ko luzera duten uhinak sortzen ditu leherketaren unean, eta, hain juxtu, luzera hori da laranjari dagokiona.

Bolboraren ordez airea erabilita, ez da kerik sortzen eta emaitza ikusgarria da.

Horrela esanda, nahi diren koloreak lortzea ez dirudi hain zaila, baina benetako artea da. Eta arte hori menderatzeko, kimikaz asko jakin beharra dago. Izan ere, dagozkien osagaiak erabiltzeaz gain, gertatzen diren erreakzio kimikoak oso ondo kontrolatu behar dira. Bestela, nahi ez diren molekulak sortzen dira, eta horren ondorioz koloreak nahasita ateratzen dira.

Zerua palmondoz beteta

Koloreak alde batera utzita, su artifizialek sortzen dituzten irudiak ere ez dira nolanahikoak izaten. Eraztunak, paraxutak, sugeak, kometak... denetik egitea lortzen dute. Irudi ezagunenetako bat palmondoa da, eta, hori egiteko, suziriak ‘izarra’ deitzen den nahasketa piroteknikoz betetako poltsatxoak ditu. Poltsa horiek non jartzen diren kontuan hartuta, palmondoaren itxura azalarazten da zeruan.

Maila anitzeko su artifizialek, berriz, hainbat zati izaten dituzte. Zati bat lehertzean, atzerapena eragiten duen gailu bat pizten da, eta horrek hurrengo zatia leherrarazten du. Hala, suziri bakar batean, leherketa bat baino gehiago gertatzen dira, bata bestearen atzetik.

Txinpartek luzaroan irautea nahi izanez gero, neurriari erreparatu behar zaio.

Bestalde, txinpartei dagokienez, neurriak axola du: txinpartek luzaroan irautea nahi bada, neurri handiko partikulak erabili behar dira su artifiziala egiteko. Partikula handiak luzaroago mantentzen direnez bero, argitasunak gehiago irauten du.

Bolboraren ordez, airea

Hori guztia, ordea, ohiko su artifizialei dagokie. Disneylanden aurten erabiltzen ari direnak, hala ere, ez dira oso desberdinak. Aldea zeruratzeko moduan dago, Disneylandian ez baitira bolboraz baliatzen, aire konprimituaz baizik.

Horri esker, ez dute keaz arduratu behar, ezerk ez die lausotuko ikuskizuna. Gainera, bolbora erabilita baino urrutirago iristen dira suak, baita 600 m-ra ere. Baina... beti izaten da ‘baina’-ren bat! Metxarik ez dagoenez, su artifizial bakoitzak gailu elektriko eta ordulari digital bat daramatza. Nahi den altuerara iritsitakoan eta ordulariaren aginduak betez, txinparta elektriko bat sortzen du gailuak, eta horrek leherrarazten du su artifiziala. Emaitza ikusgarria da, baina, hori bai, nahiko garestia. Seguruenik, Disneylandera sartzeko ordaindu behar den prezioaren barruan sartuko zuten su artifizial berrien gastua!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia