Kea India gainean
2001/02/09 Elhuyar Zientzia
Airea poluituta dagoela behin eta berriz entzuten da. Begi hutsez ikusten den geruza zikinak hiri handiak sarri estaltzen ditu. Sateliteak ere harrapa ditzake halako irudiak. Goian ikusgai dagoena Indiako Ozeanoa da eta, ondo begiratuz, ozeanoaren parte bat eta India estaltzen duen laino grisaxka nabari daiteke. Sinesgaitza dirudien arren, egurra masiboki erretzeak sortu du lainoa.
INDOEX proiektuak airea poluitzen duten aerosolak aztertzen ditu. 1999an Indiako Ozeanoaren egoera ikertzen ibili ziren eta, besteak beste, aerosolen erruz neguan itsasoak % 10-20 argi gutxiago jasotzen duela ondorioztatu dute. INDOEXen bidez bildutako datuak klima-ereduak prestatzeko erabiltzen dituzte gero zientzialariek. INDOEXi esker, aerosolek klima-aldaketan duten eragina kontuan har dezakete ereduetan.
Indiako Ozeanoari dagokionez, berriak ez dira oso pozgarriak. Indian nekazaritzarako lurrak prestatzeko basoa erruz erretzen da eta etxeetako sukaldeetan egurra eta gorotza barra-barra erabiltzen dituzte erregai gisa. Ondorioz, milioi bat kilometro karratuko azalera estaltzen duen poluzio-geruza eratu da Indiaren gainean. Martxa horretan, aire-poluzioaren ranking-ean laster harrapatuko ditu Asiak mendebaldeko herrialdeak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia