Kaustikoak irensteak minbizia sor dezake
2002/08/05 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nafarroan kaustikoak irensteagatik ospitaleratzen dituztenen artean hiru laurdenak haurrak direla nabarmendu du María Cruz Tanco Nicolay medikuaren ikerketak. Substantzia kimiko horiez kutsatutako gazteen tasa 100.000 biztanleren artean 11,03 kasukoa da. 14 urtetik gorakoen artean, aldiz, 1,61ekoa da.
Datu horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako María Cruz Tanco medikuaren doktore-tesian jakinarazi ziren. Tesi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta EHUren arteko hitzarmenari esker gauzatu da. Lan horrek, gainera, notarik onena jaso zuen, bikain cum laude.
Minetik minbizira
Kaustikoen bidez kutsatzeak kalte ezberdin anitz sortzen ditu. Hasieran, eztarriko mina eta arnasketa-arazoak eragiten ditu, baita erredurak, goitikak eta goralarriak ere.
Bigarren fase batean, ehuna erre edo suntsitu egiten da eta ezbeharra gertatu eta 24-72 ordura ultzerak azaltzen dira ehuna birsortzeko. 14-21 egun pasa ostean orbaintze-fasean sartzen da pazientea, eta posible da gune horretan orbaintzearen ondorioz gaixoaren esofagoa estutu edo ixtea. Geroago horrek guztiak minbizia sor dezakeela nabarmendu du mediku nafarrak bere lanean.
Kaustikoak, haurren eskura
Kaustikoak hiru motatan banatzen dira: alkaliak (soda kaustikoa, detergentea, lixiba edo amoniakoa, esaterako), azidoak (horien artean, pintura-disolbatzaileak, salfumana eta bainu-garbigarriak) eta, azkenik, erredox ziklatzaileak (paraquat eta diquat herbizida kaustikoak eta hidrogeno peroxidoa edo kontzentrazio handiko ur oxigenatua). Azken batean, etxean asko erabiltzen diren produktuak dira guztiak, batik bat garbiketa-kontuetarako.
María Cruz Tancoren iritziz, kaustikoei buruzko legedia gogortu egin da produktu horien kontzentrazioa mugatuz eta segurtasun-itxigarriak ezarriz. Kontuan hartzekoa da, gainera, haurrak produktu kaustikoetatik urrun manten daitezen gurasoek eta hezitzaileek egiten duten ahalegina.
Hala eta guztiz, oraindik ere lesio anitz gertatzen da kaustikoak irensteagatik, batik bat etxean produktu horiek oso eskuragarri ditugulako (etxea garbitzeko hainbat produktu). Gainera, produktu kimiko horiek irensteko arriskua anitz areagotzen da produktuak ontzi batetik bestera aldatzean, eta baita umeen eskura uztean ere.
María Cruz Tancok jasotako datuen arabera, AEBetan, toxikoen kontrako Ipar Amerikako zentroen esanean, urtero, produktu kaustikoak irensteagatik, 80.000 pertsona baino gehiagok jotzen dute medikuarengana (intoxikatzen diren guztien % 10ek bakarrik). Atlantikoaren beste aldean, Europako zentroek bestelako datuak aurkeztu dituzte: intoxikazioen % 30 etxean erabiltzen ditugun produktuei zor zaizkie, eta horietatik % 80 substantzia kaustikoak dira.