Kate Erreakzioa
2001/05/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Dena 1887an hasi omen zen. Italiar soldadu-talde bat Afrikako adarrean barna abiatu zen, ohi bezala, esplorazio-lanetan. Soldaduak ez ziren oso urrun ailegatu, baina, uste denez, beraiekin zeramaten ganaduak ordura arte Afrikan ezezaguna zen gaixotasuna sartu zuen kontinentean, behi-izurritea. Garai hartan behi-izurritea Asiako estepetan endemikoa zen eta aldizka Europara hedatzen zen, kanpaina militarretan alde batetik bestera higitzen zen ganaduarekin batera gehienetan. Saharaz azpiko Afrikan, ordea, gaitza ezezaguna zen XIX. mendearen amaiera arte, birusak ez dituelako gameluak kutsatzen eta ziur aski gameluak zirelako basamortua zeharkatzen zuten animalia bakarrak.
Baina 1887an gaixotasuna Eritrean agertu zen, hain justu italiarrak zeuden eskualdean. 1888rako Etiopian zen eta handik hegoaldera, Rift haranean barrena, eta mendebaldera, Sudan eta Txad-en barrena, zabaldu zen idiei segika. Bost urteren buruan Atlantikoko kostaldera iritsi zen gaitza eta hamarkada bat nahikoa izan zuen Hego Afrikara ailegatzeko. Bidean Afrikako abelgorrien % 90 hil zuen eta beste hainbeste animalia basati: bufaloak, altzeak, txerri basatiak, etab. Hegoafrikan bakarrik 5,5 milioi abelburu galdu ziren eta Erdialdeko Afrikan, berriz, Victoria aintziraren inguruan, 400.000 abelburu izatetik 20.000 izatera pasa ziren urtebetean.
Pandemia hura inoiz Afrikan gertatu den hondamendi naturalik larriena dela esaten da gaur egun eta, noski, ez zien animaliei bakarrik eragin, gosetea orokorra izan zen. Afrikako tribu askoren bizimodua eta elikadura behiak ziren eta izurriteak euren bizimoldea suntsitu zuen. Abelgorririk gabe, nola iraun zezaketen ia erabat abeltzaintzan oinarritutako gizarte-sistemek? Ruandan, Burundin, Angolan, Ugandan goseak jota hil ziren asko eta goseteak hil ez zituenak bizirik zirauten behi urriez jabetzeko gerrek akabatu zituzten.
Idazki historikoek jaso zutenez, Kenyako masaien artean sarraskia gertatu zen. "Behi-izurritearen ondorioz masaien bi herenak bizia galdu du" idatzi zuen 1891. urtean Tanzania zeharkatu zuen esploratzaile austriar batek. Gizarte-sistema suntsituta, aristokrazia lur jota eta jendea goseak zelarik, Europari Afrikako ateak ireki zitzaizkion. Esploratzaileen garaia zen hura, konkistarena, kolonialismoarena eta erresistentzia gutxi aurkitu zuten aurrean.
Behi-izurriteak mesede egin zien Europako konkistatzaileei eta ia tiro bat bota gabe Afrikaren jaun eta jabe egin ziren. Konkista hartan parte hartu zuen militar batek esan zuenez "artzain-tribuak hain indartsuak eta gerrazaleak izaki, izurrite izugarri honen bisitarik gabe europarren etorrera ez zatekeen hain baketsua izango".
Tse-tse eltxoak tripanosomiasia (loaren gaixotasuna) kutsatzen du, bai aziendarentzat eta bai gizakiarentzat hilgarria den gaitza. Gaur egun, HIESaren ondoren, Afrikan hedatuen dagoen gaixotasuna da, baita ageriko oztopoa ere kontinentearen garapenean. Landaretza oparoa den guneak maite ditu, sasi artean uzten baitituzte euli helduek arrautzak. Afrikako zelaietan bizi ziren abelgorriek motz eusten zioten belarrari eta tse-tse eulia leku jakin batzuetara zegoen mugatuta behi-izurritea agertu zen arte. Hasiera batean, behiak hiltzearekin batera gaixotasunak atzera egin zuen, zabaltzeko erabiltzen zituen bitartekoak hil baitzitzaizkion.
Baina abelgorririk gabe, landaredia erruz hazi zen eta animalia basatien populazioa abelgorriena baino azkarrago leheneratu zen. Tse-tse euliarentzat ezin hobea zen egoera hartan, loaren gaitza berehala hedatu eta errotu zen ordura arte ia arriskutik kanpo egon ziren eskualdeetan ere. Behi-izurritearen ondoren artean bere onera etorri gabe zegoen populazioak hondamendi berria ezagutu zuen.
Geroztik mende bat igaro da, baina Afrika ez da oraindik amets gaizto hartatik esnatu. Milioi-erdi bat lagunek harrapatzen du loaren gaitza urtero Afrikan eta 100.000 bat hil egiten dira. Tse-tse eulia garapen ekonomikoa galarazten duen oztoporik handiena da Afrikako eskualde askotan eta ez dirudi berehalakoan atzera egingo duenik. Tse-tse eulia dela-eta, zenbait erakunde Afrikako erreserba babestuen kontra agertu dira, haietan abeltzaintza debekatuta euliaren biziraupena bermatzen duen landaredia-mota bultzatzen ari baitira. Erakunde kontserbazionista askok eta XX. mendeko europarrek berezkotzat jotzen duten paisaia afrikarra ez dela hain aspaldikoa argudiatzen dute eta abeltzaintzak moldatutako paisaiaren naturaltasuna aldarrikatzen dute.
Animaliei eragiten dieten izurrite nagusiak
Behi-izurritea. Abelgorriei eragiten dien izurriterik zaharrena da eta historian zehar zorigaitz gehien eragin dituena ere bai. K.o 376-386 hamarkadan eman zen lehen aldiz abelgorriak eta, oro har, animalia apodunak kutsatzen dituen gaixotasun honen berri. Kontaktu bidez transmititzen da eta ia beti hilgarria da. XVIII. mendean zehar 200 milioi abelburu hil zituen Europan eta XIX. mendeaz geroztik kontinente bat bera ere ez dago gaixotasunetik salbu. 1890eko hamarkadan Afrika hartu zuen izurritea da horren lekuko zorigaiztokoena.
Alabaina, behi-izurritea albaitaritzaren bultzatzaile nagusietako bat ere izan da, Europako lehen albaitaritza-eskola 1762an ireki baitzen Lyonen, behi-izurrite baten ondoren. 1950eko hamarkadan, Walter Plowright albaitariak behi-izurritearen aurkako txertoa sintetizatu zuen eta geroztik gaixotasunak asko egin du atzera. Gaur egun Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asiako gune gutxi batzuetara mugatuta dago eta Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen FAO erakundeak abian jarritako egitasmo batek 2010erako behi-izurritea mundutik desagerraraztea du helburu.
Aheria. Apatxa bitan banatuta duten abereei eragiten dien oso gaixotasun kutsagarria da aheria. Kumeentzat salbu, ez da beti hilgarria, baina galera ekonomiko ikaragarriak ekartzen ditu. Hain kutsakorra izaki, animalien eta haien eratorrien nazioarteko salerosketa asko mugatzen du, ikusi besterik ez dago Erresuma Batuan gertatu dena.
Afrika, Asia eta Hego Amerikako zenbait lekutan bakarrik agertzen zela eta Europatik guztiz erauzita zegoela uste zen, baina azken hiletako gertakariek aurkakoa erakutsi dute.
Hausnarkari txikien izurritea. Behi-izurritearen antzeko gaixotasuna da, baina ardiei eta ahuntzei eragiten die. Hau ere ia beti da hilgarria. Lehen aldiz Mendebaldeko Afrikan detektatu bazen ere, gaur egun Afrikako beste toki askotan, Ekialde Hurbilean eta Indian ere agertzen da. Indian, hain zuzen, oso azkar ari da zabaltzen azken boladan.
Behien pleuropneumonia. Abelgorriei eta beste zenbait hausnarkari handiei erasotzen dien arnasbideetako gaixotasun kronikoa da. Asko ahultzen du eta maiz heriotza eragiten du. Infektatuta egon arren sintomarik agertzen ez duten animaliak garraiatuz erraz barreiatzen da gaixotasuna eta, munduko bazter askotan desagertu den arren, Afrikako zenbait lekutan suspertzen ari da eta hainbat hamarkadatan garbi egon diren beste askotan (Ekialdeko, Erdialdeko eta Hego Afrikan) berriz agertzen ari da.
Rift haraneko sukarra. Hausnarkariei eta, batik bat, ardiei erasaten die. Eltxoek transmititzen dute eta oso kaltegarria da. Afrikako zenbait lekutan endemikoa, baina egoera klimatikoa alde duenean, asko hedatzen da. Umedun dauden animaliei abortua eragiten die eta kutsatzen dituen ale gazte ia denak hiltzen ditu. Gizakiei transmitituz gero, gripearen antzeko gaixotasun larria sortzen du, batzuetan hilgarria ere izan daitekeena. Oraingoz eskualde zehatz batzuetara mugatuta dago, baina beste herrialde eta kontinentetara hedatzeko gaitasun handia erakusten du.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia