}

Katalizatzaileak garbitzaile

2005/10/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Maiz irakurri dugu konposatu organiko lurrunkorrek atmosferari eta gizakiari kalte egiten diotela. Hain zuzen ere, konposatu kaltegarri horiek atmosferara isuri aurretik garbitzea da Leioako ikertzaile-talde baten helburua. Industriak isurtzen dituen konposatu organiko lurrunkorrak dira haien jomuga.
Ma ariako estazio hidrometeorologikoa.

Oxidazio katalitikoa erabiltzen dute horretarako; hau da, atmosferan dagoen oxigenoa erabilita eta katalizatzaile baten laguntzarekin, konposatu kaltegarriak erretzen dituzte.

Prozesu horretan, katalizatzaileek abantaila ugari dituzte. Alde batetik, konposatu kaltegarriak erretzeko beharrezkoa den energia murrizten dute, eta, bestetik, gas poluitzaile bakoitzarentzat, kasuan kasuko katalizatzaile espezifi-koak daude. Baina, prozesu hori eraginkorra izateko, katalizatzaileek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte.

Non eta nola?

Katalizatzaileek bi osagai nagusi izaten dituzte: euskarria eta fase aktiboa. Euskarria solido porotsu bat izaten da, ahalik eta azalerarik handiena lortzeko, eta, fase aktiboa, berriz, erreakzioa abiarazten duen konposatua da. Fase aktibo hori, normalean, metal bat izaten da; platinoa, paladioa edo zeolitaren bat, Leioako ikertzaileen kasuan.

Errekuntza-prozesuan gas poluitzailea katalizatzailearen poroetan barrena sartzen da, eta, han, fase aktiboarekin erreakzionatzen du. Erreakzioan ura, karbono dioxidoa eta konposatu halogenatu bat sortzen dira, eta, azken konposatu halogenatu hori, gero, soda kaustikozko dutxa baten bidez neutralizatzen da. Eguratsera, beraz, ura eta karbono dioxidoa soilik kanporatzen dira.

Kasu honetan, ikertzaileek zeolitazko katalizatzaileekin egin dituzte ikerketak, eta, emaitzen arabera, zeoliten egituretan dauden kanalek zeresan handia dute erreakzio horietan.

Zeolitek kanal paraleloak edo gurutzatuak izan ditzakete, eta, badirudi kanal gurutzatudun zeolitak katalizatzaile hobeak direla erreakzio-mota honetarako; izan ere, kanal paraleloetan oztoporen bat baldin badago, gasek ezin dute aurrera egin; aldiz, kanal gurutzatuetan bai.

Erreakzioaren zinetika

Kanal-motak ez ezik, beste hainbat parametrok ere eragiten dute katalisian. Oso garrantzitsuak dira, esate baterako, sarrerako gasaren emaria, erabiltzen den katalizatzaile-kopurua eta errekuntza-prozesuaren tenperatura. Baita erreakzioaren bilakaera edo zinetika ere.

Tenperatura da, hain zuzen, erreakzioaren adierazle nagusietako bat, gasak ahalik eta tenperatura baxuenean erreta, are eta energia gutxiago erabiltzen baita prozesuan.

Orain, ikertzaileek hainbat katalizatzaileren iraunkortasuna neurtzea dute helburu. Katalizatzailea noiz ordezkatu behar den edo fase aktibo gehiagoz berriztu behar den jakin nahi dute, errekuntza-prozesuak ondo funtzionatzen jarrai dezan.