}

Katagorrien eboluzioa

2003/02/24 Elhuyar Zientzia

273 katagorri-espezie daude. Asko. Batzuk lurrean bizi dira, beste batzuk zuhaitzetan, eta gutxi batzuek planeatzeko gaitasuna dute. Orain jakin da katagorrien dibertsifikazioa bat datorrela kontinenteen mugimenduekin edota klima-aldaketekin.

Duke Unibertsitateko ikertzaileak hainbat tamainatako katagorri-espezieen arteko desberdintasun morfologikoak aztertzen ari zirela hasi zen ikerketa. Espezieen arteko harremana zein zen zehaztu nahi zutenean konturatu ziren bat uste baino lehenago banatu zela zuhaitz nagusitik. Bizirik dauden katagorri-espezieen eta museoetan daudenen ehun-laginak bildu eta analisi genetikoak egin zizkieten.

Analisi horiekin baieztatu dute katagorriak uste baino lehenago banatu zirela euren zuhaitz nagusitik. Gainera, euren eboluzio-prozesuaren une garrantzitsuetako batzuk Lurrean gertatu ziren aldaketa globalekin batera izan zirela ikusi dute. Hau da, katagorrien eboluzio-zuhaitzaren adarrak gertakari geologiko eta klimatiko handiekin batera sortu ziren. Ondorio hori ez da harritzekoa, baina oso interesgarria da segida logiko horien baliokide genetikoak topatzea.

Argazkia: Leejay Wu

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia