Karranpa eta zirrara, elektrizitate estatikoa da erruduna
2005/03/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Denok ezagutzen dugu elektrizitate estatikoaren eragina. Eskolan bertan batek baino gehiagok ikasiko zuen zer zen, eta seguru asko esperimentu erraz bat ere egingo zuen elektrizitate estatikoaren eragina ulertzeko; adibidez, artilezko jertsean bolaluma igurtzi eta gero, lagunaren ilea nola erakartzen zuen ikustea.
Fenomenoa gogoan izan arren, askok ahaztu egin dute azalpena, nahiz eta ez den batere zaila. Era errazean azalduta, kontua da materia atomoz osatuta dagoela, eta atomoek, berriz, karga positiboa eta negatiboa duten partikulak dituztela, protoiak eta elektroiak , hurrenez hurren. Oro har, protoi adina elektroi izaten dute atomoek; beraz, materia neutroa izaten da.
Alabaina, atomo batzuek erraztasun handia dute elektroiak galtzeko, eta beste batzuek, aldiz, elektroiak hartzeko joera dute. Elektroiak erraz galtzen dituzten materialen artean, gizon-emakumeon larruazal lehorra lehenengo tokian dago. Animalien larruak, ileak, artileak eta zetak ere elektroiak galtzeko erraztasuna dute, baita aluminioak eta paperak ere, baina ez aurrekoek bezainbestekoa.
Bestalde, material gutxi batzuek ez dute elektroiak hartzeko ez galtzeko joerarik, eta haien artean kotoia eta altzairua daude. Zura ere nahiko neutroa da, baina hezea badago elektroi batzuk erakartzeko gai da.
Kautxuak eta anbarrak ere erakartzen dituzte elektroiak, eta are indar handiagoz erakartzen dituzte nikelak eta kobreak, letoiak eta zilarrak, eta urreak eta platinoak, ordena horretan. Azken bi metal horiek poliesterrak bezainbesteko indarrez erakartzen dituzte elektroiak, eta poliesterrak baino are indar handiagoz poliuretanoak, PVCak eta teflonak.
Hortaz, elektrizitate estatikoa sortu nahi izanez gero, nahikoa da elektroiak galtzeko joera duen material bat igurztea hartzeko erraztasuna duen batekin. Hala, baten elektroiak bestera igarotzen dira, eta materialak kargatuta gelditzen dira. Orduan ikusten da karga bereko bi material aldaratu egiten direla, eta aurkakoa dutenak, aldiz, erakarri.
Neguan, artilezko jertseak eta aire lehorra
Hori jakinda, erraz ulertzen da zergatik jende askok karranpa izaten duen gauzaren bat ukitzean. Kontua da haizearen eta berogailuen eraginez larruazala lehor-lehor izaten dutela. Larruazala, beraz, zeinu positiboz kargatzen da, batez ere poliesterrez egindako jantziak eramanez gero, poliesterrak zeinu negatiboa hartzen baitu. Elektrizitate hori gorputzean metatuta gelditzen da, estatiko, edozein objektu metaliko edo beste pertsona bat topatu arte. Hori ukitzean, metatutako elektrizitatea mugitu egiten da, eta deskarga bat gertatzen da. Ondorioa: karranpa sentitzen da.
Gauza bera gertatzen zaio autoari. Autoaren karrozeria hainbat metalez eginda dago, eta, mugitzean haizeak ematen dionez, kargatzen joaten da. Pneumatikoak, berriz, kautxuzkoak dira; horri dela eta, ezin du zuzenean deskargatu lurrera. Gidaria autotik jaisten denean, ordea, elektrizitateak deskargatzeko bidea topatzen du: gidariaren gorputza. Ondorioz, gidari gaixoak karranpa sumatzen du.
Antzemateko modukoa izateko, deskargak 2.000 Voltekoa baino gehiagokoa izan behar du. Ikusteko modukoa bada, berriz, 5.000 Volt ingurukoa dela esan nahi du, eta, horretaz gain, txinparta urdin bat atera badu, 10.000 Voltekoa izan da gutxienez.
Zer egin horrelakorik ez gertatzeko? Larruazala ondo hidratatzea eta kotoizko arropak erabiltzea ona da gauzak edo lagunak ukitzean karranpak ez izateko. Gelak oso lehor egotea ere saihestu behar da, eta horretarako nahikoa da leihoak irekitzea kanpoan hezetasuna badago, edo bestela hezegailu bat jar daiteke. Hartara, aire hezean dauden ur molekulek elektrizitate estatikoa neutralizatzen dute. Halaber, oinutsik ibiltzea oso eraginkorra da gorputzean metatutako elektrizitatea deskargatzeko.
Bestalde, erraz su hartzen duten gasak edo likidoak garraiatzen dituzten kamioiek lurreraino iristen den kate bat daramatte ardatzetik zintzilik, horren bidez elektrizitatea deskargatu ahal izateko. Antzekoak saltzen dituzte autoentzat.
Ordenagailuentzat kaltegarri
Karranpak inori gustatzen ez zaizkion arren, ez dira arriskutsuak ezta kaltegarriak ere. Izan ere, arriskua ez dago elektrizitatez kargatutako zerbait ukitzean, baizik eta tentsio desberdina duten bi objektu aldi berean ukitzean. Horregatik ez dira hiltzen
argi-indarreko kableetan geldirik dauden hegaztiak. Hegaztiren batek tentsio altuko bi kable edo kablea eta zutoina ukituz gero, ordea, hil egiten da elektrokutatuta.
Horregatik, ez zaigu ezer larririk gertatzen zerbait ukitzean elektrizitatea deskargatzen dugunean. Alabaina, ordenagailuen transistoreak izugarri sentikorrak dira tentsioarekiko, eta 200 Volteko baino gutxiagoko deskarga batek kalte egin diezaieke. Beraz, norbaitek ordenagailuaren barrenak atera, aldatu edo ukitu nahi baditu, hobe du bere elektrizitate estatikoa deskargatzea, metalezko zerbait ukituz, adibidez. Gainera, ezertan hasi aurretik, komeni da ekipoa lurrera ondo konektatuta dagoela begiratzea.
7K-n argitaratua.