}

Karen Uhlenbeck matematikariak jaso du 2019ko Abel Saria

2019/03/20 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

karen-uhlenbeck-matematikariak-jaso-du-2019ko-abel
Karen Uhlenbeck matematikaria. Arg. Andrea Kane/Institute for Advanced Study

Karen Uhlenbeck matematikari estatubatuarrak "ekuazio diferentzial partzial geometrikoetan egindako ikerketak" saritu ditu 2019ko Abel Sariak; hala nola, gaugeren teorian eta sistema integragarrietan egindako ekarpenak, Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak adierazi duenez. 2003ean banatzen hasi zirenetik, Abel Saria jasotzen duen lehenengo emakumea da Uhlenbeck.

Analisi geometriko modernoaren sortzailetzat hartua izan da. Akademiaren iritziz, haren ikuspegia aintzat hartu izanak ekarri ditu azken 40 urteotako aurrerakuntzarik ikusgarrienak matematikan. Besteak beste, matematikaren eta fisikaren arteko mugan aurkikuntza garrantzitsuak egin ditu, eta bi esparruotako egungo eredu geometrikoak sortzeko oinarriak ezarri dituela adierazi dute Akademiatik.

Texasko Unibertsitatean katedradun emeritua da Uhlenbeck, eta ikertzailea Princetoneko Unibertsitatean eta Ikasketa Aurreratuetako Institutuan ere. Sari ugari jasotakoa da; besteak beste, 2000. urtean Estatu Batuetako Zientziaren Domina. Thomas Chen Texaseko Unibertsitateko haren lankideak Uhlenbecken eskuzabaltasuna goretsi du: “bereziki ezaguna izan da matematikari gazteekin izan duen laguntzarako eta tutoretzarako jarrera”.

Matematikari emakumezkoen egoera ere azpimarratu izan du askotan. Jada 30 urte aipatu zuen ez zuela ezagutzen emakume matematikari bakar bat ere bizitza erraza izan zuenik. Hala aitortu zuen, jakinik emakume askorentzat inspiragarri izan zitekeela: “Mundu guztiak daki pertsona bat arrakastatsua izango dela, baldin eta adimentsua, dibertigarria, ederra eta dotorea bada. Baina zure inperfekzio guztiekin ere arrakasta lor dezakezu. Nik urte asko behar izan nituen horretaz jabetzeko”.  

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia