}

Karduak lugorrietan soilik?

2000/10/24 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zenbaitek karduak oso gogoko ditu, jateko noski, eta ez gainean esertzeko. Baina hori al da karduen erabilera bakarra?

Ez nonbait! Erregai fosilak gero eta garestiagoak dira. Horrek eta ingurugiroan duten eraginak bultzatuta, besteak beste, energia iturri alternatiboen inguruko berriak jasotzen ditugu hainbatero. Horietako batzuk bitxiak ere badira, izan. Esaterako, baratze -kardua (Cynara cardunculus) lehengaitzat erabiliko duten bi zentral termiko martxan jartzekoak dira.

Biomasa energiarako lehengai gisa azukre -kanabera izan dugu orain arte ezagunena. Baina Espainian, Burgosen eta Huescan zehatzago esanda, lehengai gisa baratze -kardua erabiltzeko asmoa azaldu dute.

Lur lehorretako landarea

Baratze -kardua eskualde mediterraneoko materia organiko ugariko lurretan hazten da, lur aberatsetan, alegia. Orburuaren (Cynara scolymus) basaitzindaria da eta, hura bezalatsu, baratzeetan ereiten da lore en azpialde mamitsua jateko. Baratze -kardua 1,5 metro haz daiteke eta lehen urtean ez da loratzen. Udako lehorteetara ondo moldatutako espeziea da eta ez du ondo jasaten lurra urasetzerik. Hala ere, urteko 400 mm-ko prezipitazioa behar du gutxienez.

Haziak neguko izotzen aurretik edo ondoren erein behar dira. Izan ere, erein eta lehenengo hilabetean ez du izotzik jasaten. Lehen urtean ez dela loratzen esan dugu eta ustiatzeko tamaina egokia ere bi urteren buruan hartuko du.

Moztu, oraindik erabat lehortu gabe dagoela moztu behar da baratze-kardua, eta hori da lehenago aipatu dugun azukre -kanaberarekin duen antz ia bakarra. Ez da komeni haziak galtzea, lurrera erortzea alegia, horiek baitute balio handiena energia lortzeari dagokionez.

Iaz erein zuten lehen uzta eta bi arazo zituztela ikusi zuten. Batetik, bakanegi erein zuten eta karduak oso lodi hazi ziren. Eta zurtoina zenbat eta lodiago, hainbat eta gogorragoa da, eta horrek arazoak sortzen ditu mozteko eta egoki kudeatzeko. Bestetik landareak gozoak izaki, sagu eta bestelako karraskari ugari izan zuten soroetan bapo jaten. Aurten ereiteko garaia iristerako, ordea, genetikoki eraldatutako barietatea sortu eta erabili dute. Barietate berria mikatzagoa da eta, beraz, ez hain erakargarria karraskarientzat.

Landareak hiru metroko garaiera eta zazpi metroko sustraiak ere izan ditzake. Eta sustraioi esker zazpi urtez jarraian moztu daiteke eta landarea berriz haziko da erein beharrik gabe. Horrek kostuak nabarmen murrizten ditu eta, beraz, nekazarientzat erakargarri egiten.

15 urteko ikerketen emaitza

Saiakuntza berri hau hamabost urteko ikerketen emaitza da, Madrilgo Ingeniari Eskolan Jesus Fernandez Landare Ekoizpenean katedradun denak urte horietan guztietan egin duena. Burgos eta Huescan eraikitzen ari diren lantegietako bakoitzak, urtean 105.000 tona kardu -lasto erretzeko gaitasuna izango du eta 91,2 GW ekoitziko (30.000 pertsonek urtebetean erabiltzen dutena adina, gutxi gorabehera). Baratze -kardua ereiteak etekinik eman dezan, urteko eta hektareako 17.000 tona ekoitzi beharko dela kalkulatu dute (Europako Batasunak emandako laguntzak kontuan hartuta).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia