Karbonoa, biziaren oinarria
2003/01/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Biziak tamaina eta mota askotako molekulak behar ditu. Batzuk txikiak, hogei atomo ingurukoak, beste batzuk handiagoak, eta beste batzuk erraldoiak, milaka atomo dituztenak. Batzuk energia metatzeko dira, eta beste batzuk, berriz, gastatzeko. Batzuk urarekin nahasten dira eta beste batzuk olioaren antzekoak dira.
Bakoitzak funtzio zehatza du, eta egitura jakin bat behar du funtzio hori betetzeko. DNAk, proteinek, bitaminek, azukreek, lipidoek… den-denek dute karbonoa oinarri.
Baina galdera alderantziz egingo dugu: zergatik ez dute beste elementu kimikoek balio biziaren oinarria izateko?
Naturan 92 elementu daude; hidrogenoa da arinena eta uranioa astunena. Horiek guztiek, batek izan ezik, biziaren oinarria ez izateko hainbat arrazoi dituzte. Aztertu ditzagun arrazoi horiek:
92 elementuetatik bost erradioaktiboak dira, eta, beraz, denborarekin desintegratu egiten dira: astatoa, radona, frantzioa, aktinioa eta prometioa. Argi dago desintegratzen diren atomoek ezin dutela bizian parte hartu.
Beste bost gas nobleak dira: helioa, neona, argona, kriptona eta xenona. Horiek ez dute lotura kimikorik osatzen ez beste elementuekin, ez beren artean, ezta bakoitzak bere buruarekin ere. Baina biziak egitura konplexuak eta egonkorrak behar ditu aurrera egiteko, hau da, lotzen diren eta desegiten ez diren atomoak ezinbestekoak dira.
Naturan dauden 64 metalak ere ez dira bizia sortzeko egokiak; elektroi gutxiegi dituzte horretarako. Eskasia horri aurre egiteko oso lotura kimiko berezia behar dute: atomo asko elkartzen dira eta elektroiak partitzen dituzte denen artean.
Baina sistema hori eraginkorra izateko, milaka atomo elkartu behar dira. Hau da, ez da hamar edo hogei burdina-, kobre- edo zilar-atomok osatutako egiturarik sortzen. Bizian, ordea, egitura txiki horiek nahitaezkoak dira.
18 elementu besterik ez dira gelditzen biziaren hautagaien zerrendan. Elementu horiek bai, lotura kimiko egokiak egiten dituzte, eta ez dira desintegratzen. Baina horietako zazpik binaka elkartzeko joera dute: hidrogenoak, fluorrak, kloroak, bromoak, iodoak, oxigenoak eta nitrogenoak. Bi atomoko egiturak osatzen dituzte.
Beste hiru, sufrea, selenioa eta telurioa, kateak osatuz lotzen dira, eta beste lau, boroa, fosforoa, artsenikoa eta antimonioa, egitura lauetan elkartzen dira.
Aitzitik, biziak hiru dimentsioko egiturak behar ditu, eta hori lortzeko lau elementu besterik ez zaizkigu gelditzen: karbonoa, silizioa, germanioa eta eztainua.
Behintzat, lau dira, eta ez bat. Orduan, zergatik da karbonoa bizidunetan bakarra?
Germanioak eta eztainuak oso lotura ahulak eratzen dituzte. Ez dira egonkortasun handiko egiturak. Silizioak, berriz, askoz lotura sendoagoak eratzen ditu beste elementu batzuekin bere buruarekin baino. Lurrean dagoen silizio gehiena oxigenoarekin dago lotuta; silikato izeneko harriak osatzen ditu, hain zuzen ere.
Horregatik ez da posible silizioan oinarritutako bizia izatea: biziaren molekulak segituan oxidatuko liratekeelako.
Beraz, karbonoa dugu aukera bakarra.
92 elementutatik, bat bakarrik.
Agian, eskerrak eman beharko genizkioke naturari karbonoa behintzat badugulako.
Norteko Ferrokarrilla irrati-saiorako prestatutako testua .
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia