Kaosean oinarritutako komunikazio segurua
2006/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako zientzialari-talde batek erakutsi du kaosa baliagarria izan daitekeela datuak enkriptatzeko eta bidaltzeko, zuntz optikoko sare komertzial batean. Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu dute.
Beste ikertzaile batzuek ere erabili izan dute kaosa komunikazioan, baina beti laborategian. Orain, egiazko komunikazio-sare batean erabili dute kaosean oinarritutako sistema, Atenasen, hain zuzen.
Outputa kaotikoa bilakatzeko, feedback ez-lineal batez gidatutako diodo-pare bat erabili du ikertzaile-taldeak. Bidaltzailearen laserraren outputean txertatuta daude datuak, eta hori ikaragarrizko oztopoa da kuxkuxean aritu nahi duenarentzat. Gainera, seinale kaotikoek maiztasun asko hartzen badituzte ere, oso zaila da interferentziek eragitea. Beste aldean, hartzailearen aldean, alegia, bigarren laserraren output kaotikoa ezabatu egiten da. Hartara, datuei ateratzen uzten zaie.
Ikerketaren emaitzen arabera, badirudi sistema erabilgarria dela. Hala ere, aurrena zenbateraino den segurua jakin nahi dute, eta, horretarako, segurtasun-maila neurtzeko metodoa prestatu behar dute.