}

Kanpoko zientzialariekin zubi lana egingo du Donostia International Physics Centerrek

2000/04/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Instituzioetako, unibertsitateko eta zientziaren munduko ordezkari ugarik eman zioten ongi etorria DIPC fundazio berriari. Euskal Herritik azken urteotan joandako zientzialariei itzultzeko aukera emango die zentro berriak, Etxenikeren esanetan. Fisika aplikatu eta oinarrizkoaren alorrean aurrerapenak lortzeko Gipuzkoan sortutako egitura izango da. Aurten bertan, zientzia eta teknologia gaiei buruz lehen mintegiak eta sinposiumak antolatzeko asmoa du zentro inauguratu berriak.

Izugarrizko jendetza bildu zen atzo Donostia International Physics Center (DIPC) fundazio berriaren inaugurazio ekitaldira. Euskal politikagintzaren, unibertsitatearen, zientziaren eta komunikabideen munduko aurpegi ezagunak zeuden, Euskal Herriko era honetako lehen zentroaren inaugurazio ekitaldi ofizialera etorrita. Besteak beste, Heinrich Rohrer Fisikako Nobel sariduna, Inaxio Oliveri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusia, Odon Elorza Donostiako alkatea eta Maria San Gil alkateordea, Manu Montero Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea, Inaki Irazabalbeitia Elhuyar zientzia elkarteko lehendakaria, Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariako zuzendaria eta beste hamaika bildu ziren erakundearen egoitzan egindako ekitaldira.

Fundazioko lehendakari Pedro Miguel Etxenikek eskerrak eman zizkien proiektu berria aurrera eramaten lagundu duten erakunde guztiei: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Kutxari, hain zuzen ere.

Halaber, gogoratu zuen atzo egindako inaugurazioa proiektuaren lehen fasea dela, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrekontuarekin aurrera eramandakoa. Bigarren fasea ondoan dagoen eraikuntza batean gauzatuko dute, Industria Sailaren aurrekontuarekin kasu horretan.

Etxenikek esan zuenez, Euskal Herrian «aurrerapen handia» izan dute zientziak eta teknologiak azken hogei urteotan, «Gernikako Estatutuak emandako baliabideei esker». Ondoren, fundazio berriaren lau helburu nagusiak laburbildu zituen. Alde batetik, fisika aplikatu eta oinarrizkoaren alorretan euskal gizarte eta nazioarteko garapen zientifikoarentzat egokiak diren aurrerapenen inguruko interesa suspertzea; bestetik, ikertzaile, ikerketa talde eta nazioarteko instituzio zientifikoen arteko lankidetza eta elkarlaguntza bultzatzea; halaber, EHUrekin elkarlana indartzen saiatuko da; eta, laugarrenik, beste ikerketa zentroekin koordinatzeko asmoa du, Eusko Jaurlaritzak alor horretan egiten duen politikari eutsiz.

Plataforma bat kanpora joan direnentzat

Etxenikek esan zuenez, ikerketa zientifikoa izateko proiektua, diru laguntzak eta azpiegiturak behar dira. Azken batean, leku egokiak gazteek ikasi eta jardun ahal izan dezaten. Izan ere, fundazioko lehendakariaren ustez, gazte jendea behar da zientziaren eta ikerketaren alorrean, eta haientzako akuilu izan nahi du fundazio berriak. Haientzat ez ezik, kanpora atera diren euskal ikerlarientzat ere leku bat gorde nahi du fundazioak. Horretarako, eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz, bost urteko kontratuak eskainiko dizkiete hezkuntza eta industriaren alorrean leku bat lortu ahal izan dezaten.

Etxenikeren esanetan, 60 milioi pezetako aurrekontua du Fundazioak aurten, eta lehen ekitaldiak aurten bertan egiteko asmoa du. Zientzia eta teknologiaren munduan pil-pilean dauden gaiei buruzko bilkurak egingo dituzte, mundu mailako zientzialari prestijiozkoak ekarriz. Halaber, aurten, XX. mendeko zientziaren ondasunari buruzko sinposiuma egingo dute.

DIPCko lehendakariak zioenez, etorkizunean gero eta garrantzi gehiago hartuko dute unibertsitatearen inguruko zentro eta erakunde sareek: fundazio, institutu, aholkulari zentro eta kanpusetako en-presek, autonomo jardungo dutenak unibertsitatearekin lankidetzan.

Etxenikeren iritzirako, aurrerapena ez da lortzen jakintzak aplikatzen bakarrik, baizik eta behin eta berriro erabakiak hartuz. «Jakintzak laguntzen du, baina ez du erabakia ordezkatzen. Jakintzak bakarrik ez du sortzen. Sorkuntza ideia, konbikzio, erabaki eta ekintzen bidez osatzen da».

Komunitate bat zenbat eta txikiagoa izan orduan eta garrantzitsuagoa da hezkuntza. Herri txiki batek ezin du bizi kantitateari begira, baizik eta kalitateari begira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia