Kanibalak azkar hiltzen dira
1992/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jendea jatea ohitura txarra izateaz gain, osasunarentzat oso kaltegarri izan daiteke, biologo estatubatuarrez osatutako talde batek dioenez.
Arizonako unibertsitateko David Pfennig, Michael Loeb eta James Collins ikerlariek arrabioak aztertu dituzte kanibalismoa ezagutu nahian. Hauek diotenez, hain kanibalismo gutxi izatearen arrazoia, gaixotasunak transmititzeko bide aproposa izatea omen da.
Animalia kanibalak arrautzetan meta dezake energia jatekoa ugari denean eta eskasia denean arrautza hauek jan egin ditzake. Zenbait espezietako helduek beren gazteak jaten dituztenean ere, zuzenean lortu ezingo luketen janaria eskuratzen dute.
Kanibalismoa, batzuetan, apaburuetan ikusten da. Hauek beren kideak jaten badituzte, azkarrago hazi eta lehenago heltzen dira. Beraz larba izateari lehenago uzten diote eta bizirik irauteko posibilitate gehiago dute.
Kanibalismoak aipatu abantailak baditu, zergatik ez da gehiago hedatu? Erantzun bat, kanibalek harrapakinak hartuta substantzia kaltegarriak bereganatzeko arriskua izatea da. Baina, arazo hau haragijale gehienena izango litzateke.
Pfennig eta lagunek diotenez, kanibalismoa praktikatzen duten animaliek birus arriskugarriak bereganatzeko aukera ugari dute. Zenbait patogeno espezie jakin batzuetan baizik ezin da bizi. Beraz, espezie bereko animaliak jaten dituzten animaliek patogeno kaltegarriak bereganatzeko arriskua dute. Beste espezie batzuetako animaliak janda, infekzio-arrisku txikiagoa dago.
Pfennig eta lagunek tigre arrabioa aztertu zuten; espezie honetan kideak jaten dituztenak eta jaten ez dituztenak bait daude. Tigre arrabio kanibalak, laborategian egindako frogetan ikusi zenez, aukera izanez gero bere espezieko kideen zatiak jaten zituen. Hori gertatu ondoren, animalia asko gaixotasunez hiltzen zen.
Ikerketa hauetatik ateratako ondorioek gizakiontzat ere balio dute. Ginea Berriko zenbait tributan bere etsaien gorpuak jaten dituzte eta ondorioz kuru deituriko gaixotasunez hiltzen dira. Kuru gaitza, gorputzaren ahulezia eragiten duen gaixotasuna da eta emakumeengan gizonengan baino hedatuago dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia