}

Kanadara aurorak ikertzera

2001/09/04 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Hori da Arantzadi Zientzia Elkarteko kideek egin asmo dutena.

Aurorak guretzako oso fenomeno bitxiak dira. Poloen inguruan bizi direnentzat, ordea, deigarri edo ikusgarriak agian bai, baina bitxiak ez. Izan ere, aurorak Eguzkiak bidalitako erradiazioa Lurraren atmosferan sartzean sortutako fenomenoa dira. Baina erradiazio gehiena, Lurraren magnetismoak eraginda, poloen inguruan sartzen da atmosferara. Horregatik ikusten dira poloen inguruan eta ez beste inon.

Erradiazioak atmosferako partikulak kitzikatzen ditu eta horiek, berriz ere egoera normalera itzultzean, argia sortzen dute. Zein partikula kitzikatu den, argia desberdina izango da (oxigenoak argi berdea ematen du, nitrogenoak gorria eta hidrogenoak bioleta, urdin edo arrosa antzekoa).

Eguzkiak 11 urtean behin izaten du jarduera handiko aldia, aurten hain zuzen ere.

Horregatik aukeratu dute ikerketa-bidaia aurten egitea. Oraingoa Arantzadik Euskal Herritik kanpora egingo duen lehen irteera zientifiko handia izango da. Izan ere, bertara joango diren bost kideek auroren irudiak grabatu, argazkiak atera eta balizko soinua grabatzeaz gain (ez dago argi soinurik sortzen ote duten) Lurraren magnetismoa, erradiazioa eta irrati-uhinen interferentziak neurtuko baitituzte. Gaurko aurkezpenean esan dutenez, ez dute aurkikuntza zientifiko handirik egiteko asmorik, baina guretzat hain bitxia den fenomenoa ezagutarazteko modua izango dute, lan dibulgatibo eta didaktikoa eginez.

Aste honen amaieran abiatuko dira eta batzuk 20 egunez eta besteak 30 egunez egongo dira Kanadako Yellowknife inguruan.

Arantzadik Miramon Zientzia Museoaren laguntza du espedizio honetarako, bai eta ETB eta Urruti-rena ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia