Kanadak iparra galduko du
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kanadako Geologia Batzordearen esanean, hiru urte barru Ipar Polo magnetikoak Kanadako lurraldea utzi eta Errusian hartuko du lekua. Orain, Ozeano Artikoaren aurrean gelditzen den azken uhartean dago, Ellef Ringnes irlaren ipar-mendebaldean hain zuzen.
Lurraren nukleoa burdina likidozkoa da, eta bertako korronte elektrikoek sortzen dute iparrorratzak mugitzen dituen eremu geomagnetikoa. Nukleoaren materia etengabe mugitzen denez, eremu magnetikoaren orientazioa urtetik urtera aldatzen da. Halaber, badirudi Ipar Poloaren mugimenduaren abiadura handitu egin dela: 1970ean, urteko 10 km besterik ez zituen egiten; orain, berriz, urteko 40 km mugitzen da. Ikertzaileen ustez, horrek hegazti migratzaileetan eragin dezake, orientatzeko eremu magnetikoa erabiltzen baitute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia