Ohikoa da icebergaren irudia erabiltzea errealitatearen zati bat ezkutuan geratzen dela adierazteko. Helburu hori bera du Elhuyar aldizkariaren azken zenbakiaren azalak. Izan ere, osasunean eragiten duten baldintzatzaile komertzialei buruzkoa da “Merkatua osasunaren kaltetan” erreportajea. Haren arabera, mundu mailan prebeni daitezkeen heriotzen heren baten eragileak lau industria dira: erregai fosilak, alkohola, tabakoa eta elikagai ultraprozesatuak.
Horrez gain, beste bi edukiren izenburuak iragartzen ditu azalak: Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoari egindako elkarrizketa, eta “Larreak: belarra baino gehiago” izeneko erreportajea.
Barruko orrietan, berriz, ohiko atalak jasotzen ditu aldizkariak: atarikoa, albisteak, elkarrizketa gehiago, istorioa, mundu digitaleko azken berrikuntzak, ikertzaileek berek bidalitako artikuluak… Kultura zientifikoa, denen eskura.







