Kafea prest al dago?
2001/05/17 Elhuyar Zientzia
Kafea munduko merkatuetako nekazaritza-produktu nagusia da eta Hawaiikoa preziatuenetakoa da. Kalitate goreneko kafea ekoizteko, ezinbestekoa da aleak biltzeko garai onena zein den jakitea.
Estatu Batuetako Clark Unibertsitateko ikertzaile-talde batek Pathfinder-Plus hegazkina erabiliko du uztaroan kafe-sailen gainean hegan egiteko. NASAk garatutako hegazkin horrek eguzki-energia erabiltzen du, ez du gidaririk behar eta zeharkatzen duen lurraren azaleko irudi espektralak, hau da, koloretakoak, lortzen ditu. Informazio horri esker, nekazariek kafea biltzeko sasoi onena zein den jakin dezakete. Horrela, kontsumitzaileak zapore oneneko kafea dastatuko du.
Hegaldi horiek Pathfinder-Plus hegazkinaren balioa frogatuko dute, bai erabilera zientifikoa izan dezaketen irudiak lor ditzakeelako, baita pilotatutako hegazkin arrunt baten hegaldiaren iraupena gainditzen duelako ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia