Kafea esne-tanta batekin mesedez
1999/12/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kafeinak eragiten dituen efektu nagusietakoak tentsioaren igoera eta deskaltzifikazioa dira. Beraz, tentsioa igoarazten duenez, tentsio altuko arazoak dituztenek hobe dute kaferik ez hartu. Halaber, deskaltzifikatzen duenez, hesteetan kaltzioaren zurgapenerako ingurune desegokia sortzen du eta, ondorioz, kaltzio gutxiago zurgatzen du gorputzak kafesnea hartzen denean esnea bakarrik hartzen denean baino.
Kafeak, bestalde, hasiera batean nekea desagertarazten duela badirudi ere, mozorrotu baino ez du egiten eta beranduago nekea areagotuta agertu ohi da. Haatik, ez du odoleko kolesterol-mailan eraginik, ezta metabolismoan ere.
Tentsio altua duten pertsonez gain, kontu handia eduki behar dute kafearekin emakume haurdunek eta gastritisa dutenek ere. Haurdun dauden emakumeek ez dute bi kikarakada kafe baino gehiago hartu behar, kopuru hori gaindituz gero arnas arazoak sor bailitzaizkioke sortzen ari den haurrari eta, nahiz eta gizakiongan ez den baieztatu, gorputz-adarrak erabat garatu gabe jaiotzen dira arratoikumeak arratoi amak kafeina asko hartu ondoren. Urdaileko arazoak dituztenek ere kontu handia izan behar dute edari honekin, kafeak urin gastrikoen jariaketa areagotzen baitu eta, ondorioz, gastritis-arazoak larriagotu.
Dena dela, lasai hartu zure kafetxoa, nahiz eta gorputzeko hainbat ataletan eta zenbait egoeratan eragin, ez baita txarra neurriz hartuz gero.
Beraz, goza dezagun kafetxoaz, nahiz hutsik nahiz esne-tantarekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia