K-bot keinuka
2003/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
K-bot giza aurpegia imitatzen duen robot bat da. AAAS (American Association for the Advancement of Science) erakundearen urteroko biltzarrean aurkeztu dute eta orain arte garatu den robot-buru aurreratuena dela esan daiteke.
K-bot robotak parean jartzen den edonoren keinuak imitatzen ditu, aurpegikoak oraingoz. Begietan dituen kamera batzuez baliatuz, aurpegiko mugimenduei jarraitzen die, eta, programa aurreratu bati esker, polimerozko azalaren azpian dauden 24 gihar mekaniko mugitzeko gai da, oso azkar gainera, segundo bat baino azkarrago.
Robota David Hanson-ek garatu du, Disney konpainiako langile izandakoak. Haren hitzetan, epe laburrean, giza gorputza osorik imitatzen duten robotak izango ditugu kalean. Baina, robot horiek egiteko ez ezik, K-bot robota gihar artifizialak garatzeko oinarria izatea ere espero du Hansonek, eta baita komunikazio-arazoak dituzten haurrei laguntzeko baliagarria izatea ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia