
Kastorearen eta igarabaren antzeko ugaztun baten fosila aurkitu dute. Orain arte aurkitu izan den uretako ugaztun baten fosilik zaharrena da. Ehun eta hirurogeita lau milioi urte ditu eta Txinako paleontologia-museo batean topatu dute. Science aldizkarian eman dute aurkikuntza horren berri.
Fosilean eskeletoa ia osorik dago, eta, itxurari erreparatuta, Castorocauda lutrasimilis izena jarri diote ugaztun iledun horri. Izan ere, izenak adierazten du kastore-buztaneko igarabaren tankerako ugaztuna zela. Ohiturak ere igarabaren antzekoak izango zituela uste da: uretan egingo zuen bizitzaren zati handi bat, eta arrainekin elikatuko zen gehienbat.
Ugaztunen eboluzioaren historia korapilatsua da eta adarrez josia dago. Dirudienez, C. lutrasimilis horren ahaide-talde bat izan zen gaur egungo ugaztun guztiak eman zituena; espezie horren adarra, aldiz, galdu egin zen.
Argazkia: Mark A. Klinger / CMNH.
Nagore Rementeria Argote
Elhuyar Zientzia
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.







