Jupiterren Orban Gorri Handiaren sorrera, adina eta bilakaera argitu dituzte
2024/06/17 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jupiterren Orban Gorri Handiaren behaketa historikoak aztertu dituzte XVII. mendeaz geroztik, eta eredu numerikoak garatu dituzte fenomeno meteorologiko horren sorrera, izaera eta bilakaera azaltzeko. Lan horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko, Katalnuniako Unibertsitate Politeknikoko, BarcelonaTecheko (UPC) eta Barcelona Supercomputing Centerreko (CNS-BSC) ikertzaileak aritu dira elkarlanean, eta American Geophysical Unioneko Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Artikuluaren arabera, Jupiterren Orban Gorri Handia da, ziurrenik, Lurraz kanpoko egitura atmosferiko ezagunena da. Izan ere, tamaina handiari (gaur egun Lurraren diametroa du) eta bere kolore gorrixkari esker, erraz ikus daiteke, baita teleskopio txikiekin ere. Jupiterren Orban Gorri Handia zurrunbilo antizikloniko handi bat da, eta haren periferiatik 450 km/h-ko abiaduran ibiltzen dira haizeak. Eguzki Sistemako planeten atmosferetan dagoen zurrunbilo handiena eta zabarrena da, baina haren adina eta sorrera eztabaidagai dira.
Orban Gorri Handiaren lehen azterketak Giovanni Domenico Cassini astronomoari zor zaizkio. 1665ean obalo ilun bat aurkitu zuen Orban Gorri Handiaren latitude berean eta Orban Iraunkorra izena jarri zion. 1713ra arte behatu zuten, eta, ondoren, 118 urtez galdu zen haren arrastoa. 1831ean eta hurrengo urteetan S. Schwabek egitura argi bat ikusi zuen, gutxi gorabehera obalatua eta Orban Gorri Handiaren latitude berekoa. Egungo Orban Gorri Handiaren lehen behaketatzat har daiteke.
Egindako azterketan, egileek, alde batetik, denboran zehar tamainak izan duen bilakaera, egitura eta bi eraketa meteorologikoen mugimenduak aztertu dituzte; horretarako, XVII. mendearen erdialdeko iturri historikoetara jo dute, teleskopioa asmatu eta gutxirako iturrietara. Tamaina eta mugimenduen neurketetatik ondorioztatzen dute oso gertagaitza dela egungo Orban Gorri Handia Cassinik ikusitako Orban Iraunkorra izatea. Ziur aski, Orban Iraunkorra noizbait desagertu zen XVIII. eta XIX. mendeen erdialdean; hala, Orban Gorriak, oraingoz, gutxienez 190 urte baino gehiagoko bizia duela azaldu du Agustín Sánchez Lavega ikerketaburuak. Orban Gorriak 1879an 39.000 km-ko tamaina zuen ardatzik luzeenean, eta uzkurtzen joan da eta biribildu egin da, gaur egun 14.000 km izatera iritsi arte.
Bestalde, 1970eko hamarkadaz geroztik, hainbat misio espazialek gertutik aztertu dute fenomeno meteorologiko hori. Duela gutxi, Jupiterren inguruko orbitan dagoen Juno misioko tresnek erakutsi dute Orban Horri Handia ez dela oso sakona (500 km inguru).
Zurrunbiloaren sorrera
Zurrunbilo izugarri hori nola sortu zen jakiteko, UPV/EHUko eta UPCko taldeek simulazio numerikoak egin dituzte Espainiako superordenagailuetan, hala nola Espainiako Superkonputazio Sarean (RES) sartuta dagoen BSCko MareNostrum IVan, Jupiterren atmosferako zurrunbilo meheen portaeraren bi eredu osagarriren bidez. Planeta erraldoian, paraleloetan zehar doazen haize korronte biziak nagusitzen dira, beren norabidean latitudearekin txandakatuz. Orban Gorri Handiaren iparraldean, haizeak mendebalderantz jotzen du 180 km/h-ko abiadurarekin; hegoaldean, berriz, kontrako noranzkoan jotzen du, ekialderantz, 150 km/h-ko abiadurarekin. Horrek zizaila handi bat sortzen du iparretik hegoaldera haizearen abiaduran, eta hori bere baitan zurrunbiloa hazteko oinarrizko osagaia da.
Ikerketan hainbat mekanismo aztertu dituzte haren sorrera azaltzeko, besteak beste, superekaitz erraldoi baten erupzioa, Saturno planeta bikian oso tarteka ikusten direnen antzekoa, edo haizearen zizailak sortutako zurrunbilo txikiago askoren fusioa. Emaitzek adierazten dutenez, bi kasuetan antizikloi bat eratzen bada ere, antizikloi hori ez dator bat egungo Orban Gorri Handiaren forma eta propietate dinamikoekin.
Esperimentu numerikoen beste talde batean, sorrera aztertzeko haizeen ezegonkortasun ezagun batetik abiatu dira. Haien ustez, ezegonkortasun hori zelula luzanga bat sortzeko gai da, eta zelula hori proto-orban bat izango litzateke, sortzen ari den Orban Gorri bat. Haren uzkurtzeak XIX. mendearen amaieran ikusten den Orban Gorri Handi trinko eta azkar birakaria eragingo luke. Zelula luzanga handien eraketa Jupiterren beste zurrunbilo garrantzitsu batzuen sorreran ikusi da. Bi eredu numeriko erabiliz, bata UPV/EHUn eta bestea UPCn, ikertzaileek ondorioztatu dute proto-orbanaren errotazio abiadura inguruko haizeena baino txikiagoa bada, zatitu egiten dela, eta ezinezkoa dela zurrunbilo egonkor bat sortzea. Eta, oso altua bada, bere propietateak ez datoz bat egungo Orban Gorri Handiaren ezaugarriekin.
Etorkizuneko ikerketen helburua Orban Gorri Handiaren uzkurdura denboran erreproduzitzen saiatzea izango da, denboran mantentzearen azpian dauden mekanismo fisikoak zehatzago ezagutzeko. Aldi berean, Orban Gorri Handia desintegratu eta desagertuko den iragartzen saiatuko dira, muga-tamaina bat lortzean, Cassiniren Orban Iraunkorrari gertatu ahal izan zitzaion bezala, edo mugako tamaina batean egonkortuko den, zeinetan urte luzez iraun dezakeen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia