Jupiter, berriz ere bonbardatua
2010/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Argizagi batek Jupiter planetaren kontra egindako talkari buruzko artikulu bat argitaratu dute EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek Astrophysical Journal Letters aldizkarian. Azterlan horretatik ondorioztatu dute metro gutxi batzuetako objektuak Jupiterren gainera erortzea uste zen baino ohikoagoa dela, eta Lurrean baino askoz ere maizago gertatzen dela. Izan ere, Jupiterren grabitate ikaragarriak indar handiz erakartzen ditu handik gertu noraezean igarotzen diren eguzki-sistemako gorputzak, hala nola meteoritoak, kometak, eta abar.
"Badakigu egon badirela talkak Jupiterren, baina lehenengo aldia da eguzki-sistemako planeta bateko talka batek sortutako argi-distira Lurretik ikusten dena", azaldu du Jon Legarreta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileak. "Garrantzitsua da talkaren nondik norakoak ezagutzea. Batetik, eguzki-sisteman noraezean dabiltzan gorputz txikiak zenbat diren jakiteko; eta, bestetik, talka horiek aztertzeak eta jasotzeak Lurrean gerta litezkeenak hobeto ulertzen laguntzen duelako", gehitu du Legarretak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia