Jules Verne, zientzia-fikzioaren aita
2002/02/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Vernek txiki-txikitatik agertu zuen literaturarako zaletasuna, baina Pièrre aitak seme nagusia abokatu izango zela erabakita zuen, eta gogor saiatu zen Jules literaturatik aldentzen. Hala, 18 urterekin, semea Parisa bidali zuen zuzenbide-ikasketak egitera. Han, Verne gazteak Victor Hugo eta beste hainbat ezagutu zituen, eta Dumas aita semeen laguntasuna eta babesa lortu zuen. Noski, Verneren literatura-zaletasuna areagotu egin zen.
Zuzenbide-ikasketak bukatuta aitak Nantesera itzultzeko eskatu zionean, ezezko biribila eman zion. Julesek antzerkiak eta operetak idazteari ekin zion, arrakasta eta kalitate eskasekoak asko, eta lan horrek uzten zion denbora zientziak ikasten ematen zuen, ordurako erabakita baitzeukan Vernek zientziaren aroaren literatura idatziko zuela. Zientziaren nobela idatzi nahi zuen, eta liburutegian pasatzen zuen denbora kimika, botanika, geologia, geografia, astronomia, etab. ikasten. Sir Walter Scott edo Edgar Allan Poe idazleen fikzioa eta zientzia uztartu nahi zituen, eta nobela-genero berri bat sortu.
Urte batzuetan zientziari eta historiari buruzko artikuluak eta berriak idazten ibili ondoren, 1861ean, Zientziaren nobela idazteko erabakia hartu eta hamar urtera, Bost aste globoan idatzi zuen. Bi egunez 15 editore bisitatu zituen eta denek ezezkoa eman zioten, baina, azkenean, Jules Hetzel editore eszentrikoak baietza eman zion. Hetzel Verneren behin betiko editore izan zen gero, eta Verneren literaturan funtsezko eragina izan zuen.
Jules Verneren lehen nobela 1863an argitaratu zen, eta arrakasta erabatekoa izan zuen. Ordurako, Vernek 35 urte beteak zituen eta Honorine de Vyanekin ezkonduta zegoen. 1857an ezkondu ziren, eta lau urte geroago euren seme bakar Michel Verne jaio zen.
Genero baten jaiotza
Bost aste globoan nobela kaleratzearekin batera, editoreak eta idazleak 20 urterako kontratua sinatu zuten. Vernek urteko bi nobela idazteko konpromisoa hartu zuen eta horrela jaio zen abentura, akzioa eta zientzia nahasiko zituen genero berria. Edgar Allan Poeren omenez, Vernek Aparteko bidaiak izenburua eman zion idazteko zeukan bildumari, eta 40 urte baino gehiagoz Jules Verneren kontakizunak Le Magasin d’Éducation et de Récréation hilabetekarian argitaratu ziren: Bost aste globoan (1863); Bidaia Lurraren erdigunera (1864); Lurretik Ilargira (1865); Grant kapitainaren semeak (1868) eta beste hainbat.
1870ean 20 milia legoako itsas azpiko bidaia argitaratu zuen, behin betiko arrakasta eman zion nobela, baita Uharte misteriotsua ere, Verneren maila goreneko obratzat hartzen dena. Munduari itzulia laurogei egunetan 1872an argitaratu zuen, eta urte hartan bertan Amiensera joan zen bizitzera.
Hetzel editoreak jarri eta berak onartutako lan-erritmo ikaragarriak osasuna asko kaltetu zion. Bizitza osoan paralisi-krisiak sufritu zituen, eta, diabetikoa izaki, gor eta itsu geratu zen. Gainera, Gaston iloba kuttunenak hankan tiro egin eta herren utzi zuen. Jules Verne 1905eko martxoaren 24an hil zen Amiensen.
Verne eta zientzia
XIX. mendearen erdialdera, zientziak, teknologiak eta esplorazioak liluratuta zituen frantziarrak. Zientzialariak eta ingeniariak modan zeuden, herriaren heroi bilakatu ziren eta Vernek ongi asko jakin zuen orduko eskariari erantzuten. Baina biografo guztien arabera, Verne bera ez zegoen zientziaren aurrerapenarekin hain liluraturik. Izan ere, Hetzel editoreak alde batera utzarazi zion jarrera kritikoa erakutsi zuen Vernek bere lehen idazkietan.
Hetzel ezagutu baino lehen eta hura hil ondoko lanetan, Vernek zientzia eta teknologiaren kritika egin zuen, gizarteari erantzukizun handiagoa eskatuz, zientzia eta teknikaren abantailak zalantzan jarriz, ekologia goraipatuz edo kapitalismoa kritikatuz. Horren lekuko dira, Les Cinq cents millions de la Bégum (‘Begumaren bostehun milioiak’), L’Île à hélice (‘Helize uhartea’), Le Sphinx des glaces (‘Izotzetako esfingeak’) edo L’Inbasion de la mer (‘Itsasoaren inbasioa’).
Vernek jarrera bera erakutsi zuen Bost aste globoan eleberriaren ondotik idatzitako Paris au XXe Siècle (‘Paris XX. mendean’) lanean (1863). Bertan, 1960. urteko Paris deskribatu zuen: beira eta altzairuzko etxe orratzak, abiadura handiko trenak, errekuntza motordun autoak, ordenagailuak, faxa eta komunikazio-sare mundiala. Mirari teknologikoz beteriko nobela zen, baina ez zuen aurrerapen zientifikoaren apologia egin. Alderantziz, erabat materialista bihurtu den munduan zoriontasuna bilatu nahi duen gazte idealista erakusten du nobelak.
Baina Hetzeli ez zitzaizkion batere gustatu bere apopiloaren gogoetak eta lana gaitzetsi egin zuen. Eleberria 1994. urtean argitaratu zen, 1989. urte arte kutxa batean ahantzita egon ostean.
Edonola ere, Vernek errealitate zientifikoan zorrotz oinarritutako nobelak idatzi zituen. Beti deskribatzen zituen nobeletan agertzen ziren gailuen edo lorpenen oinarri zientifikoak.
Zientzia-fikzioa egiten zuen, baina jakintza eta teoria zientifikoen arabera, hau da, zientzia-fikzio erreala egiten zuen. Verneren estiloa nagusi izan da geroztik egin den zientzia-fikzioan, baina, idazleez gain, zientzialari askoren inspirazio-iturri ere izan da. Ez da harritzekoa, beraz, berak deskribatutako asmakizun asko eta asko errealitate bihurtu izana.
Jules Vernek 80tik goiti liburu idatzi zituen, 113 hizkuntzatara itzuli direnak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia