John Glenn-en misio espazialeko emaitzak
2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1998. urteko urrian John Glenn senadorea berriro espaziora eraman zuen misioa dagoeneko bere emaitzak eskaintzen ari da.
Discovery espazio-jaurtigailuan medikuntza, nekazaritza eta industriaren arloko hainbat esperimentu burutu zituzten, eta esperimentu horietako asko aurkikuntza berriak egiteko edo teknologia berriak garatzeko baliagarriak izan dira. Medikuntza-arloan, gaixotasun larriak sendatzeko teknologia berriak garatu dituzte batez ere. John Glenn-ek tumoreak sendatzeko mikrokapsula berriak probatu zituen. Mikrokapsula horiek zuzenean tumorera daramaten arterietan injektatzen dira eta horrela eragin zuzenagoa dute. Beste esperimentu batean hemoglobinadun produktuak sortzeko balioko duten zelulak banatzeko teknologia berritzaileak garatu zituzten. Horri esker gaixoen odola transfusio bidez berritu beharrik ez da izango. Beste esperimentu batean kalitate handiko intsulina-kristalak hazi zituzten eta diabetea sendatzeko tratamendu berriak garatzeko balioko duen informazio ugari jaso zuten.
Era honetako mikrograbitate-esperimentuak konpainia pribatuek finantziatu zituzten, NASAren ekimen berri bati esker. Ekimen honen bidez espazioko esperimentuek industria-arloan izan dezaketen erabilgarritasuna ezagutarazi nahi du espazio-agentziak
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia