}

Jogurt probiotikoak onuragarriak dira, baina haien eragina ez da hainbesterainokoa

2012/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

jogurt-probiotikoak-onuragarriak-dira-baina-haien-
Arg. Hippietrail

Jogurt probiotikoen eraginari buruzko informazio esanguratsua jaso dute Washington Unibertsitatean egin berri duten ikerketa batean.

Estatu Batuetako Osasun Institutuak eta Danone konpainiak ordaindu dute ikerketa, eta haren helburua zen ikustea ea jogurt probiotikoek dituzten bakterioek baduten eraginik hesteetako bakterio-populazioan. Hain zuzen, iradoki izan dute jogurt horien bakterioak hesteetako floraren parte bilakatzen direla, eta, horren ondorioz, osasunerako onuragarriak direla. Are gehiago, jogurten ekoizleek argudio hori erabili izan dute haien produktua goraipatzeko.

Alabaina, ikerketaren emaitza seguru asko ez da jogurt horien ekoizleek eta saltzaileek nahiko zuketen bezain ona izan. Izan ere, frogatu dute jogurten bakterioek ez dutela inolako eraginik hesteetako populazioan.

Horretarako, zazpi biki-bikoterekin egin dute ikerketa. Bikietako bati bai eta besteari ez, bost bakterio-espezie dituzten jogurt probiotikoak eman dizkiete, egunean bina, zazpi astean. Hesteetako floraren eta gorotzen laginak hartu dizkiete, jogurtak jaten hasi aurretik, bitartean eta ondoren, eta haiek alderatuta ikusi dute ez dagoela inolako aldaketarik hesteetako bakterio-populazioaren osaeran. Washingtongo Unibertsitateko Jeffrey Gordon mikrobiologoak zuzendu du ikerketa, eta, haren esanean, emaitza hori "ez da harritzekoa", jogurten bidez ematen den bakterio-kopurua huskeria bat baita hesteetan dugunarekin alderatuta.

Ikertzaileek, ordea, bikiak ez ezik, sagu gnotobiotikoak ere ikertu dituzte. Sagu horiek modu berezian hazita daude, haien hesteetan gizakiek dituzten 15 bakterio-espezie baino ez izateko. Bada, sagu gnotobiokoen hesteetan ere jogurten bakterioek ez zuten eraginik izan, bai ordea gene batzuen espresioan; zehazki, karbohidratoen metabolismoan garrantzitsuak diren entzimak kodetzen dituzten gene batzuetan.

Saguen gernuko metabolitoak aztertuta, ikertzaileek baieztatu dute jogurt probiotikoak jateak metabolismoa aldarazten duela. Horrenbestez, badirudi jogurt probiotikoek entzima batzuen geneen espresioa areagotzen dutela, eta, horren ondorioz, karbohidratoen metabolismoa hobetzen dela.

Ikertzaileek berek onartu dute zazpi bikote gutxi direla behin betiko ondorioak ateratzeko, baina, bestalde, azpimarratu dute sagu gnotobiotikoak aproposak diruditela era horretako ikerketak egiteko. Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia