Elkarrizketa

«Jendearen inplikaziorik gabe ez dago energia-eredu berri baterako trantsiziorik»

Itxaro Latasa EHUko ikertzaileak urteak daramatza trantsizio energetikoari loturiko gaiak jorratzen. Lurralde-antolamenduaren ikuspegitik begiratzen dio auziari, baina jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea izan ditu beti ardatz. Energia berriztagarrien inguruan sortzen diren gatazken oinarrian lurralde-planifikazioren gabezia ikusten du, energia-enpresa handiek hartzen baitituzte erabakiak, herritarren ahotsa bazterrean utzita.

Trantsizio energetikoa klima-aldaketari aurre egiteko erreminta gisa aurkezten ari gara gizartean. Hala da?

Bai, hala da. Egia dago bizitzen ari garen egoerak argi erakusten duela arazoaren magnitudea, hau da, aldaketa klimatikoarena. Eta egia da, baita ere, trantsizio energetikoa irtenbiderako tresna ezinbestekoa dela. Bai ala bai, murriztu egin behar dugu energia fosilen kontsumoa.

Energia-iturri fosilak alboratu eta, horien ordez, berriztagarriak ezarri. Hori bezain sinplea da?

Ez da horren sinplea. Ordezkatzea ez da nahikoa. Ezinbestekoa bai, baina ez nahikoa. Eredu-aldaketa osoa behar da. Hau da, nola kontsumitzen dugun, baina arlo guztietan. Ez bakarrik energian.

Hitz egin dezagun gure kontsumoaz. Zein da gaur egun darabilgun kontsumo-eredua?

Egungo eredua eredu xahutzaile bat da. Xahutu egiten dugu energia. Beharrezkoak al dira ekoizten ditugun jantzi guztiak? Eta beharrezkoa al da jantzi horiek hainbeste kilometrora ekoiztea?

Gero, jantzi horiek hondakin moduan bukatzen dute. Ggaur egun, ezagutzen ditugu Europako ekialdeko hainbat estatu non hondakin horiek etxeak berotzeko erabiltzen dituzten. Horrek erakusten digu zein punturaino den eredu xahutzailea. Aldatu egin behar da.

Aldatu, baina zertara? Zein eredurantz jo beharko genuke?

Askoz zentzuduna den eredu batera, non ahalik eta energia fosil gutxien erabiltzen dugun. Hori alde batetik. Baina badago beste aldaketa bat oso garrantzitsua: energiaren kontzeptua bera aldatu behar dugu.

Orain energia negozioa da, negozio hutsa. Badira enpresa batzuk egiaz jabetu eta milioitako etekina lortzen dutenak. Energiaren kontzeptu hori aldatu egin behar da. Hemendik aurrera, trantsizioan, energia baliabide bat izango da, eta mundu osoak du eskubidea baliabide hori edukitzeko. Energiaren demokratizazioa eskatzen du.

Baina horrek beste aldaketa bat ere ekartzen du: erabakiak. Aurrerantzean, energiaren inguruko erabakiak (ekoizpena, garraioa, kontsumoa...) ez dira egongo enpresa gutxi batzuen eskutan, baizik eta denon eskutan. Hori da eredu-aldaketa. Lehen aipatu dugu erpin edo aurpegi asko dituen fenomeno bat dela trantsizio energetikoarena. Baina, beharbada, erpin horien guztien artean ekonomikoa izango da garrantzitsuena.

Orain, iturri fosilak kontrolatzen dituzten enpresa horiek kontrolatzen dute trantsizio energetikoa?

Tristea da, baina zoritxarrez, hala da. Eta logikoa da. Orain, Espainia munduko potentzia da energia berriztagarrien ekoizpenean. Kontsumitzen den energiatik erdia baino gehiago iturri berriztagarrietatik dator. Bost urte barru, helburua izan zitekeen % 50etik % 80ra pasatzea. Pentsa ezazu horrek zer eskatzen duen: askoz ere potentzia handiagoa instalatzea. Hor datoz industriak, hobi bat topatu dutelako.

Eta, zure ustez, noren esku egon beharko luke energia-sorkuntzak?

Energia-ekoizpen berria, berriztagarrietatik datorrena, guztion eskuetan egon beharko litzateke. Bai, parte hartu beharko lukete enpresa handiek, zeren haiek energia-kantitate handia ekoizten dute enpresetarako. Baina banaketa edo eredu energetiko "banatuta" deitzen dena ere egon behar da. Hau da, milioika ekoizle txiki dituen sistema bat, haiek berek kontsumituko dutenak. Beraz, ereduak ekoizpen-industria handiak eta ekoizle txikiak konbinatu behar ditu.

Ez dakit eredu berri horretaranzko aldaketan urrats txiki eraginkorrak ote diren autokontsumorako komunitate energetikoak. Hori da bidea?

Hori da bidea, eta hori da bide bakarra. Horrek jendearen inplikazioa eskatzen du, ordea. Jendearen inplikaziorik gabe ez dago energia-erdu berri horretarako trantsiziorik. Hau da, badira bi baldintza nagusi trantsizio benetan eta bere osotasunean eman dadin: bata da aldez aurretik ondo planifikatzea, eta bigarrena da parte hartzea.

Heldu diezaiogun energia berriztagarrien gaiari. Eguraldiak energia berriztagarrien eraginkortasuna baldintzatzen digu?

Bai. Bateria-sistema berriak eta energia-banaketarako sare adimendunak asko aurreratu badira ere, eguraldiak baldintzatzen digu gehien energia berriztagarrien produkzioa. Baina eraginkortasunaz ari bagara, eguraldia ez da energia berriztagarrien sistemei eragiten dien faktore bakarra: instalazioen kokapena eta orientazioa, energiaren garraioan gertatzen diren galerak, energia biltegiratzeko teknologiak eta instalazioak kokatzeko behar den lurzoru-kopurua ere badira oso kontuan hartu beharreko faktoreak. Energia berriztagarrien eraginkortasunaz hitz egiteko, horiek denak hartu behar dira kontuan.

Pentsa genezake energia berriztagarriak ekologikoak direla bere horretan. Hala da?

Beste energia-motak baino askoz ekologikoagoak bai. Ekologikoa baldin bada inguruan kalte egiten ez duena, zentzu horretan, negutegi-efektuko gasak isurtzen ez dituzten neurrian, ekologikoak dira. Baina kalteak ere eduki ditzakete.

Horrekin ez dut esan nahi kaltegarriak direnik, baizik eta balizko kalte hori aldez aurretik kontrolatu behar dela, planifikazio on baten bidez.

Zer kalte dira horiek?

Adibidez, haize-errotak. Jakina da desagertzeko arriskuan dauden animalia-espezieekin arazo pila bat egon direla. Putreek eta beste espezie askok talka egiten dute erroten pareten kontra. Eta bateriek ere sortzen dituzte arazoak: instalazio horiek ingurumenerako oso arriskutsuak diren materialak dauzkate. Esaterako, beruna, kadmioa, litioa... Oso arriskutsuak dira, sisteman sartzen badira. Kontuan hartzen al da ingurumenean duten inpaktua, horrelako instalazioak ezartzerakoan? Teorian bai, arau guztiak horretara bideratuta daude, baina, gero, errealitatean, legea erraz "saltatu" daiteke. Hori da arazoa.

Inpaktu horretan eragin handia du materialen zirkulartasunak. Hori oso kontuan izan behar da. Zer egingo da jartzen den edozein instalazioren bizitza erabilgarria amaitzen denean? Zer egingo da material horrekin? Izan eguzki-panelen instalazioak, izan instalazio eolikoak…

Oraindik konpondu gabeko arazo bat da. Baina bidean gaude. Zentzu horretan nahiko positiboa naiz. Asko ikertzen ari da. Momentuz, ezin dira material guztiak birziklatu edo berrerabili, baina zirkulartasun hori lortu behar da. Ikerketa asko egiten ari dira. Logikoa da, ikerketa horrek industria indartsu bat sortzeko aukera emango baitu. Interes ekonomiko bat dago atzean. Baina gizartearentzako intereseko zerbait baldin bada, ez da kalterako. Bide onean doa.

Lurralde-antolamenduan aditua zara, Itxaro. Gai honetan, zer hartu behar da kontuan lurralde-antolamendu egoki bat egiteko?

Esan nahi dudan lehenengo gauza da une honetan ez dela lurralde-antolamendurik egiten ari, eta, horrexegatik, kaos batean bizi garela. Planifikazio horretan, ezinbestekoa da lurzoru bakoitzaren bokazioa kontuan hartzea. Alegia, lurzoru bakoitzarentzat erabilera egokiena zein den errespetatzea. Esaterako, eremu bat laua bada, lurzoru oso sakona badu, mineraletan aberatsa bada eta herrietatik gertu badago, idealak dira. Baina idealak zertarako? Bada nekazaritzarako. Gertuko elikadura sortzeko.

Baina zer gertatzen da? Oso erakargarriak dira eremu horiek, eta orduan, hor ezartzen dituzte, hain zuzen ere, instalazio berriztagarriak. Ezin da izan, lur horri bere bokazioa kentzen baitiozu.

Politika publikoak ere hor daude. Zer moduz egiten ari dira?

Politika publikoek, askotan, bi maila dituzte: ahozkoa –promesak, etorkizun handikoak, liluragarriak–, eta gero, errealitatean gertatzen dena. Politika publikoek eta botereek egin beharrekoa da planifikazio hori, baina ez da egiten ari.

Zein da herritarron zeregina honetan guztian?

Herritarren zeregina ezinbestekoa da. Lehenengo eta behin, energiaren kontzeptua bera aldatu behar dugulako, lehen esan dudan bezala. Alegia, energia denon eskubide bat da, denentzat izan behar du. Herritarrak erabakien parte izan behar dute, erabakia ezin da utzi enpresa gutxi horien eskuetan. Beraz, herritarren zeregina funtsezkoa da.

Hala ere, Itxaro, trantsizio hau praktikan jartzen denean has daitezke arazoak, ezta? Beldurrak, errezeloak, herritarren trabak…

Bai, egia da. Beti egongo da norbait azpiegitura, autobide eta antzeko instalazio guztien kontra. Hori ingeleseko hitz batez ezagutzen da: NIMBY. "Not in my backyard". “Gauzak egin daitezke, baina ez nire etxetik gertu. Nahi duzuna jarri, baina urruti”.

Hori da, baina nik ez nuke hori azpimarratuko. Pertsonak gara, eta joera hori dugu. Baina, kasu honetan, ez da arazo nagusia. Hemen jendea aurka jartzen da ez delako bidezko modu batean egin. Arrazoia dute. Aurka jartzen dira, hain zuzen ere, ez dutelako planifikazio horretan parte hartu. Kexatu egiten dira.

Eta kexatzen dira lehen aipatu ditudan inpaktu horiek ere ez direlako kontrolatzen. Lehen aipatu dugu plangintza, baina ez bakarrik lurralde antolamenduari dagokion plangintza, baizik eta plangintza orokor baten beharra.

Hori gabe ez dago etorkizunik?

Hori gabe ez dago trantsiziorik, trantsizio energetikoa planifikatu behar da beste planifikazioekin batera. Hau da, lurralde-planifikazio bat egiten duzunean, badira aspektu sektorialak: garraioa, lehenengo sektorea... Eta horiek guztiak, sektorialak direnak, egin behar dira aldi berean eta oso konektatuta, oso erlazionatuta. Nola integratuko den energia-trantsizio hori lurraldearen etorkizunarekin, lurraldearen garapenarekin.

Planifikazio horretan gakoa da lurraldea, jendea eta energia lotzea, lurraldearen garapena bilatuz beti, lurralde horretarako onuragarriak izango diren jarduerak, lurraldea egituratu egingo dutenak.

Esate baterako, garraio garbia. Hau da, jasangarria den garraioa. Ikusten dugu gure lurraldean oso konplexua dela topografia, ez dago garraio publiko nahikorik. Ondorioz, jendea auto partikularretan mugitu behar da. Halako kasuetan, hobeto egituratu behar da lurraldea mugikortasun jasangarrirako baliabideak egon daitezen. Plangintza horrek bermatuko du etorkizuna.

Jon Larrañaga Gurrutxaga

Elhuyar Zientzia

Itxaro Latasa Zaballos

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali