}

Jasangarritasunerako neurri txikiren indarra

2024/01/10 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

jasangarritasunerako-neurri-txikiren-indarra
Arg. Pernan Goñi

Munduko biztanleria osoak Euskal Herriko bizimodua eta kontsumo-maila izan dezan, 3 Lur planeta ustiatu beharko lirateke. Planeta bakarra dugunez, argi dago gure bizimodua ez dela jasangarria. Baliabide gehiegi ustiatzen ditugu, eta CO2 gehiegi isurtzen dugu atmosferara.

Zure aztarna ekologikoa kalkulatu dezakezu. Alegia, kontsumitzen dituzun baliabideak lortzeko eta sortzen dituzun hondakinak jasotzeko planetaren zer azalera erabiltzen duzun. Hemen, aztarna ekologikoaren kalkulagailu bat:

https://www.footprintcalculator.org/home/es

Aztarna klimatikoa handiegia bada, murrizteko neurriak har daitezke. Hemen zenbait adibide. Hausnartu zure egunerokotasunean zer beste neurri har ditzakezun kontuan:

  • Gutxiago erosi, eta izan daitezela 0 km-ko produktuak eta tokian tokiko dendetan erositakoak.
  • Erosi janaria bilgarri gehigarririk gabe, eta ez alferrik galdu.
  • Arropa erostera zoazenean, pentsatu benetan behar ote duzun. Arropen jatorriari erreparatu, bigarren eskukoak erosi eta, txiki geratu zaizkizunak, berrerabili.
  • Erabili teknologia modu arduratsuan. Luzatu mugikorraren eta bestelako gailuen biziraupena ahal den guztia. Berriz kargatzeko pila eta bateriak erabili.
  • Egunerokoan, mugitu oinez, bizikletaz edo garraio publikoan.
  • Autoz ibiltzea beharrezkoa baduzu, partekatu toki berera doan beste norbaitekin.
  • Hegazkinez bidaiatzea ekidin.
  • Ez erosi erabilera bakarreko produkturik, ezta birziklaezinik ere.
  • Jatetxeetan, eskatu ura pitxerrean.
  • Barazki eta lekale gehiago eta haragi gutxiago jan.
  • Sukaldean, jarri tapa lapikoari beroa aurrezteko, eta erabili bitroaren hondar-beroa.
  • Osasuntsu jan eta kirola egin.
  • Kirola egin ondoren, garbigailua betetakoan bakarrik garbitu kirol-arropa.
  • Garbiketarako, toxikoak ez diren produktuak bakarrik erabili.
  • Txanpu solidoa erabili.
  • Kosmetiko ekologikoak erabili.
  • Erabili LED argiztapena, eta itzali argia behar ez duzunean, edo erabili sentsoreak.
  • Kontrolatu etxeko tenperatura, eta, hotz izanez gero, lehenengo jantzi arropa gehiago. Berogailua gradu bat jaisteak % 7 murrizten du energiakontsumoa.
  • Ura aurreztu.
  • Papera aurreztu.
  • Hondakinik onena sortzen ez dena. Sortzen den zaborra bereizi. Birziklapena eta berrerabilera indartu.
  • Bertoko zuhaitzen landaketetan parte hartu.
  • Auzoko edo herriko ongizaterako auzolanetan parte hartu.
  • Hondartzak nahiz basoak garbitzeko kanpainetan parte hartu.
  • Ez bota zaborrik lurrera; itsasora iristen da kaleetako estoldetara iristen den zaborraren zati handi bat.
  • Ez automedikatu, eta botikak dagokien tokira eraman birziklatzera.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia